argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari
  • Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek zuzendaritzari eginiko eskakizunak. Urtarrilaren 18an dute hurrengo bilera, eta bitartean astelehenero elkarretaratzeak egiten jarraituko dute langileek. 

Lide Iraola 2022ko abenduaren 29a
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek urtarrilaren 18an dute hurrengo bilera zuzendaritzarekin. Bitartean elkarretaratzeekin jarraituko dute. /Argazkia: Eitb

Ia hilabete da Osakidetzako zuzendaritzaren eta Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko zerbitzuburuen arteko talkak eztanda egin zuenetik. Zuzendaritzak bi mediku zerbitzuburu kargugabetu zituen abenduaren hasieran: “Irizpide politikoak direla medio”, langileek salatu dutenez. Ordutik, zerbitzuburuek elkarretaratzeak egin dituzte eta gutun bateratu bat argitaratu irtenbideak eskatzeko.

Joan den astean elkarretaratzeak bertan behera utzi zituzten zuzendaritzarekin elkarrizketan hasi zirelako, baina asteon berriz ere bildu dira. Asteazkenean Cristina Calvo, Felix Zubia eta Manuela Perez Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek bost eskaera zehaztu dituzte prentsaurreko batean, “langileen batzar baten” izenean.

Ospitale barruko zuzendaritza

Hasteko, “ospitaletik datorren zuzendaritza” ezinbestekotzat jo dute; alegia, ESIa “ondo eta barrutik” ezagutzen dutenek osatzea taldea. ESIaren lehen arretako kideak bertan egotea eskatu dute.

Donostialdeko ESIaren inguruan erabakitzeko, mahai tekniko horizontala exijitu dute

Bestetik, “langile guztiek” ordezkaritza izango duten mahai tekniko baten beharra nabarmendu dute. Berria-k jaso duenez, dekretuz, orain “kontseilu kliniko asistentzialak” egiten direla azaldu dute zerbitzuburuek. Ez dituzte nahikotzat ikusten, ordea; bakanak izan ohi direlako eta bertikalak, non langileek ahotsik ez duten.

Ildo beretik, aipatu dute beharrezkoa dela langileen ebaluazioa “goitik behera” egiten den gisan, “behetik gora” ere egitea; hau da, langileek ere ebaluatu ahal izatea goi kargudunak eta zuzendaritza.

%30-40ko behin-behinekotasuna

Profesionalen egonkortzearen harira, salatu dute %30-40k behin-behineko lanpostuak dituztela, eta horrek “arazo handiak” dakartzala. Informazio gardentasuna eskatu diete lan baldintzei dagokionez.

Azkenik, azalpenak exijitu dituzte Onkologikoaren antolakuntzaren inguruan. Osakidetzaren zerbitzu publikoen barruan “integralki” sartzea nahi dute, eta salatu dute Onkologikoak eta Osakidetzak findu berri duten hitzarmenak ez duela halakorik argi uzten.

Azaldu dute hurrengo bilera urtarrilaren 18an dutela, eta ordura arte astelehenero elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela, Donostia ospitalaren atarian.