argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera salatu dute Gurutzetako ospitaleko sindikatuek
  • Zuzendaritzari egotzi diote aukera ematea langileak "neurriz kanpoko indarkeriaz erreprimitzeko". Poliziak grebalarien aurka jo du astelehen eta asteartean.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 02a
Ertzaintza Gurutzetako Ospitalean, astelehenean. (Argazkia: LAB)

Osakidetzako Zuzendaritzaren jarrera salatu dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sindikatuek. Greban daude Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak astelehenetik, eta istiluak izan dira lehen bi egunetan. Eskatzen dutena da Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea beraiei ere.

Astelehenean Ertzaintzak grebalarien aurka jo zuen Gurutzetako Ospitalean, eta hainbat pertsona zauritzeaz gain, bi langile atxilotu eta lau identifikatu zituen.

Asteartean, berriz, Donostiako Ospitalean mobilizazioa egin zuten garbitzaileek, eta hor ere langileen kontra oldartu zen Ertzaintza. Indarrez, grebalariei megafono bat kentzen saiatu ziren, borrak erabiliz. Ertzainek adierazi zutenez, Osakidetzako gerentziak agindu zien megafonoa kentzeko.

"Irtenbide bakarra", indarkeria

Sindikatuek salatu dute Osakidetzako zuzendaritza ez dela gai negoziazioa errazteko, eta erabiltzen duen "irtenbide bakarra" indarkeria dela: "Ertzaintzari aukera ematen dio langileak neurriz kanpoko indarkeriaz erreprimitzeko". Azken egunetako Ertzaintzaren esku-hartzeaz gain, beste hainbat auzi ere egotzi dizkiote zuzendaritzari; hala nola, "erabakiak hartzeko inposaketa", "plantillarekiko errespetu falta" eta "lan sindikala oztopatzea".

Sindikatuek adierazi dute Osakidetzak "erabateko aldaketa" egin behar duela, eta "jarrera demokratikoak" berreskuratu. Hala, zuzendaritzari eskatu diote garbiketako kontraten gatazka konpontzen parte hartzeko eta "Osasun Zerbitzu Publikoari eragiten dioten arazoetarako irtenbideak bilatzeko".