argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako zuzendaritzako kide Xabier Balerdik ere dimisioa eman du
  • Oposizioen iruzurraren auzia hasi zenetik dimititzen duen laugarren zuzendaritzako kidea da. Osakidetzaren barne ikerketa zuzendu zuen Balerdik. Sindikatuek lehiaketa sistemaren eredua aldatu beharra nabarmendu dute.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 03a
Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos soto (eskuina) eta zuzendariorde Xabier Balerdi (ezkerra). Argazkia: IREKIA.

Astelehenean argitaratu du EAEko aldizkari ofizialak Xabier Balerdiren dimisioa. Giza Baliabideetako zuzendariordea zen Balerdi. Iaz mediku espezialisten lan lehiaketetan iruzurrak salatu ostean, Osakidetzak bera izendatu zuen barne ikerketaren arduradun. Ekainaz geroztik Tolosako udaleko zinegotzia ere bada Balerdi EAJren ordezkari bezala, lanaldi osoan.

Iruzurrak salatu zirenetik Osakidetzako zuzendaritzan dimisioa ematen duen laugarren arduraduna da Balerdi. Osasun sailburu Jon Darpónek, Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok, eta Osakidetzako zuzendari María Jesús Mujikak dimititu dute aurretik. Iruzurraren ikerketa zabalik dago Gasteizko Epaitegietan.

Sindikatuak, kritiko

Fiskaltzak iruzur zantzuak hamaika espezialitateetan antzeman ditu. Proba nahikorik ez dagoelakoan, ordea, akusazio zehatza hiru espezialitateetara mugatu du, eta espezialitate bakoitzeko epaimahaikide bana ari da ikertua izaten. Osakidetzako arduradunik ez dago akusatuen artean. Akusazioaren parte diren ELA, LAB eta ESK sindikatuek, ordea, iruzurra aspaldikoa eta egiturazkoa dela salatu dute hasieratik.

Kritiko agertu dira Balerdiren dimisioaren aurrean. “Berandu heltzen da”, adierazi du ESK-k; “aurpegi aldaketa hutsa” da ELAren ustez; dimisio berriak izango direla iragarri du LABek. Dimisio eta ikerketa pertsonaletatik harago, lehiaketa sistemaren eredu osoa aldatu beharra azpimarratu dute hiru sindikatuek.