argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako zuzendari nagusiak esandakoaren kontrara, 24 goi kargu epaimahaietako buru izan ziren
  • Bertan behera geratu diren lau espezialitateren buruak daude horien artean.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko ekainaren 12a
Oposaketa egiten Bec-en (argazkia:irekia)

Gutxienez Osakidetzako 24 goi kargu daude oposaketen tribunalen buru El Mundo egunkariak argitaratu duenez. Honek irregulartasunak agerian uzten ditu, Langile Publikoaen Legeak esaten duelako goi mailako karguak dituztenek ezin dutela parte hartu administrazioan sartzeko egin behar diren frogetako epaimahai kalifikatzaileetan.

Osakidetzako zuzendari nagusiak, Maria Jesus Mujicak, esan zuen Osasun saileko inork ez zuela parte hartzen oposaketen tribunaletan, ezta Osakidetzako edo Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeko (IVAP, gaztelaniazko sigletan) funtzionariok ere. Lehenengo frogetan ez dute inolako eraginik, baina bigarrenean, askotan erabakigarriak izan daitezkeenetan, emaitzetan eragina izan dezaketen ebazpen garrantzitsuak hartu behar dituzte.

Osakidetzako webgunearen azkeneko eguneraketa ekainaren 5ean izan zen. Bertan ikus daitezke Osakidetzako goi karguen izenak eta oposaketen epaitegiko buruak berdinak direla batzuk. Gainera, hainbat Erakunde Sanitario Integratutako kide, erietxeen zuzendariak, agertzen dira tribunal gehienetan.

Maria Jesus Mujica Osakidetzako zuzendari nagusia (argazkia:irekia)

Ez soilik mediku arloko epaimahaietan, beste alor batzuetan ere agertzen dira funtzionario publikoak epaitegiko buru, hala nola, erizaintzako laguntzaile bezala, farmazian, fisioterapian, zelatari, mantentzean eta psikologo klinikoen postuetarako azterketetan.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak bere 60.2 puntuan dioenez, “hautespen edo izendapen politikoko langileek, bitarteko funtzionarioek eta behin-behineko langileek ezin izango dute parte hartu hautaketa-organoetan” edozein froga egiten dela. Bestalde, Enplegatu Publikoen 1/2014 Euskal Legean ez da zehazten zein diren epaitegiko postua bete ezin dezaketen funtzionarioak. Laugarren artikuluan aipatzen du funtzionarioen zerrendak eguneratuta egongo direla webgunean.