argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako sindikatuek greba antolatu dute urtarrilaren 28rako
  • Osakidetzako "egoera larriari" irtenbideak emateko "Osasun Sailaren borondate eza" salatu dute sindikatuek. Horren aurrean beste greba bat antolatu dute urtarrilaren 28an.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 11
Argazkia: eitb.eus

Osakidetzako Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osasun Sailaren "borondate eza" salatu eta mobilizatzera deitu dute.

Hilaren 16tik aurrera hasiko dute dinamika, abenduko asteazken eta urtarrileko ostegun guztietan protestak antolatuko dituzte eta urtarrilaren 28an greba. "Osakidetzak mobilizazioaren bidea baino ez digu utzi", esan dute sindikatuek ohar batean. Gainera, jakinarazi dute, ostegunean egindako Mahai Sektorialean "ez da mobilizatzera eraman dituen aldarrikapenetako bat bera ere jorratu", eta planteatutako edukiak "langileak zukutzen eta euren eskubideak murrizten jarraitzera bideratuta daude".

Azaroaren 26ko bileran "Osakidetzak erakutsitako mespretxua eta jarrera onartezinaren aurrean", sindikatu batzuen ordezkariek alde egin zuten, entzuten ari zirenarekin ados ez zeudela erakusteko. Horregatik, ostegun honetan beste bilera bat egin dute, baina sindikatuek adierazi dutenez "aurreko deialdian gertatu bezala, Osakidetzak zehaztutako gai-zerrendaren puntu bakar bat ere ez dute negoziatu".