argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako sindikatuek euren greba eskubidea urratu dela salatu dute
  • Azaroan eta abenduan egindako bost greba egunetan euren eskubideak urratu direla salatu dute sindikatuak Lan Ikuskaritzaren aurrean.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko abenduaren 19a
Osasun zerbitzu publikoaren alde abenduan egindako mobilizazioa. (Argazkia: LAB)

SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO,UGT eta ESK sindikatuek antolatu zituzten greba egunak eta horietan eskubideen urraketa "ikaragarria" izan zela adierazi dute, El Diariok argitaratu duenez.

"Hainbat eskualdetan oinarrizko arreta zerbitzu minimoak ezarri dira, asteburuetan zerbitzu hori eskaintzen ez zen lekuetan", azaldu dute. Gainera, salatu dute ospitale gehienetan greba egunetan ohikoa baino operazio gehiago egin direla.

Mobilizatzeko askatasuna

Eskubide urraketa horien bidez Osakidetzak greben eragina ahalik eta gutxien igartzea lortu nahi duela uste dute sindikatuek.

"Salaketa hauekin nahi dugu Lan Ikuskaritzak Osakidetza zigortzea, hemendik aurrerako mobilizazioetan askatasun osoa izan dezagun".

Sindikatuek esan dute aurrera jarraituko dutela mobilizazioekin osasun zerbitzu publiko baten alde: "Borrokan jarrituko dugu 3.000 lanpostuak berreskuratu arte".