argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako otorduak bertako elikagai jasangarriz eginak izateko bide-orria aurkeztu du EHU buru duen ikerketak
ARGIA @argia 2023ko abenduaren 19a

Ikerketaren egileek "funtsezko tresnatzat" jotzen dute elikagaien erosketa publikoa, "egungo elikadura sistemako paradigma aldatzeko eta helburu politiko iraunkor eta espezifikoak garatzen laguntzeko". Haien ustez, "ospitaleen erosteko ahalmena aprobetxatzeak, tokiko elikagai jasangarriak lehenetsiz, elikagaiak ekoizteko egungo ereduak erresilienteago eta iraunkorragoak bihurtzeko gaitasuna eskaintzen du".

Renascence proiektuaren barruan egin den ikerketa honetarako, bi lan-saio egin zituzten Osakidetzako eta Euskal Elikadura Sistemako hainbat eragilerekin eta hauetan Osakidetzan elikagaien erosketa jasangarriaren egungo egoera aztertu zuten, eta elikadura-estrategia iraunkorra garatzeko beharrezkoak diren erronkak eta ekintza-planak identifikatu zituzten.

Planteatutako erronkak eta ekintzak

Dokumentu honek planteatzen dituen erronken artean daude: menu osasungarriago eta jasangarriagoak sustatzea, hondakinak koordinatzea, elikadura jasangarria lehenestea, lehen sektorean pertsonak instalatzea sustatzea, gobernantzarako diziplina anitzeko lantaldea sortzea, lege markoa aldatzea eta bisio jasangarridun lizitazioetarako irizpideak zehaztea, elikadura ekologikoa baloratzea...

Erronka bakoitza garatzeko hainbat ekintza proposatzen ditu txostenak. Esaterako, hondakinen ebaluazioa egitea, produktu jasangarrien irizpideak ezartzea, lizitazio irizpideak aldatzea, lehen sektorea gobernantzako lantaldean sartzea, lizitazioetan produktu organikoak eta tokikoak lehenestea...

Hemen irakur daiteke txostenaren planteamendua osorik, "ikusi-ireki" botoian sakatuta zabalduko den PDFan.