argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako oposizioetan egindako tranpak fiskaltzaren esku jarriko dituzte sindikatuek
  • LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek fiskaltzara jo dute edo joko dutela iragarri dute, Osakidetzako oposizioetan izandako irregulartasunak ikertu ditzatela eskatzeko. Zenbait medikuri oposizioetako azterketak aldez aurretik pasa zizkietela pentsatzeko motibo asko daude, ezohiko emaitzak ikusita.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 06a
Oposizioetara aurkeztu ziren zenbait medikuri azterketaren galderak aldez aurretik pasa zizkietela pentsatzeko arrazoiak dituzte sindikatuek.

ELA izan da fiskaltzara jo duen lehenbiziko sindikatua: EAEko Fiskal Nagusiaren aurrean jarri du salaketa sindikatu abertzaleak. Dokumentu bat aurkeztu dute, azken egunetan ezagutu diren gertakarien berri emanez eta ikerketa sakona egin dadila eskatuz.

LAB eta ESK sindikatuek ostegun honetan joko dute fiskaltzara, kasu honetan Arabakora, beraien esku dauden frogak aurkezteko. LABek xehetasun asko biltzen dituen azterketa bat osatu du, zeinean hamar espezialitatetako azterketen notak analizatu diren, ondorioztatuz ezohiko emaitzak izan direla: azterketa ia perfektuak egin dituztenen kopuruak bat egiten du eskainitako plaza publikoenarekin; eta azterketetako galderen zailtasuna kontuan izanda, susmoak eragin ditu horrek.

ESK-k berriz, oposizioetako notak argitaratu aurretik notarioaren aurrean aurkeztu zuen zerrenda bat, anestesiologia alorrean emaitzarik onenak lortuko zituzten medikuen izenekin. ESKren zerrendak eta plaza lortu duten medikuenak bat egiten du.

SMEk dio 12 alorretan egon daitekeela iruzurra

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME gaztelaniazko sigletan) bere webgunean informatu duenez, Osakidetzako 12 alorretako azterketetan daude iruzur-zantzuak. SMEren ustez, emaitzak ikusita zenbait medikuri galderak filtratu zitzaizkiela pentsatzeko arrazoiak daude.

Orain arte egindako 42 azterketa aztertu ditu SMEk eta dozena batek eragin dituzte susmoak. LABek egindako txostenarekin konparatuz gero, hamabi horietatik bederatzitan bat egiten dute bi sindikatuek.

CCOO sindikatuak ere fiskaltzan salaketa jartzeko asmoa dute eta informazioa biltzen ari dira horretarako. UGTk berriz, oposizioetan iruzurra egon dela dioten frogarik ez daukan arren, adierazi du beharrezkoa den guztia egitea babesten duela prozeduraren gardentasuna bermatzeko.