argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako oposizioetako erantzunak jaso zituztela argudiatuta, beste 30 mediku inputatzeko eskatu du ESK-k
  • Osakidetzako 2018ko oposizioetan atzeman dituzten irregulartasunen sokari tiraka, azterketara aurkeztu ziren beste 30 mediku eta epaimahaikide jardun zuten bi bokal inputatzeko eskatu du ESK sindikatuak. Hainbat froga aurkeztu dituzte eta leporatu diete erantzunak aurrez eskatu zituztela edo uko egin gabe jaso zituztela.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 27a

ESK sindikatuak kontatu duenez, azterketa zailetan nota oso onak atera zituzten mediku hauek, eta horri beste elementu esanguratsu batzuk gehitzen zaizkio: erantzun egoki eta hutsegite berak dituzte guztiek, oposizioak prestatzeko emandako bibliografian ez dauden erantzunak erabili zituzten eta galderak prestatu zituzten epamahaikideetako batzuen lagunak dira edo gertukoak dituzte. Hala azaldu du Iker Riojak Eldiario.es-en.

Anestesia, Angiologia, Digestio, Traumatologia, Neurokirurgia, Neurofisiologia, Urologia eta Kardiologia arloko medikuak dira aipatu hogeita hamarrak.

LAB sindikatuak, bestalde, Jon Darpon orduko Osasun sailburua auzipetzeko eskaera egina du, baita garai hartako beste hainbat goi kargu ere, “in vigilando” errua egotzita. Sindikatuek salatu izan dute Osakidetzak ez duela lagundu irregulartasun hauek guztiak argitzen, are gehiago, “behin eta berriz trabak” jarri dituela, ikerketa oztopatu asmoz.