argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako oposizioen gaineko ikerketa abiatu du epaileak
  • Epaileak hiru sendagile jarri ditu ikerketapean. Fiskalak aurkeztutako txostenean begiz jotako Osakidetzako hiru arduradunei dagokienez, ez du erabakirik hartu momentuz.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 12a

Osakidetzako iazko lan eskaintza publikoan iruzurra egon zela salatu zuten azterketetara hautagai batzuek, eta ondorioz iruzurraren gaineko ikerketaren abiatu zen. EAEko fiskal nagusi Carmen Adanek otsailean aurkeztutako txostenak adierazten zuenez, delitu zantzuak aurkitu ziren. Adanek hamaika espezialitate jarri zituen susmopean, eta Osakidetzako zuzendaritzako hiru kargu begiz jo: Xabier Balerdi zuzendariordea, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendari ohia eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria.

Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak auzibidea ireki du kasuaren gainean, eta bi delituz mintzatu da: agirien zaintzan desleialtasuna egitea, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea. Anestesiologia, Angiologia eta Digestio Aparatua espazialitateetako epaimahaikide diren hiru mediku jarri ditu ikerketapean momentuz, baina Adanek begiz jotako Osakidetzako arduradunen gainean ez du erabakirik hartu.

Fiskal Nagusiak Gasteizen jarri zuen salaketa, Osakidetzak bertan duelako egoitza eta oposizioetako azterketak ere hiri berean egiten direlako. Gasteizko instrukzioko bigarren epaitegiari egokitu zaio kasua, eta Yolanda Varona ordezko epaileak sinatu du salaketa tramiterako onartzeko autoa. Hiru medikuak deklarazioak egitera deitu ditu, baita beste hamar testigu ere, lekuko gisa. Deklaraziaok maiatzeko azken asteetan egingo dituzte, udal eta foru hauteskundeen ostean.

Epaitegietan bakarrik ez, arlo politikoan ere hasi da bidea egiten Osakidetzako oposizioetako iruzurraren kontua. EH Bilduk Jon Darpon Osasun sailburua postutik ken dezala eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta Eusko Legebiltzarrean sailburua gaitzesteko proposamena eztabaidatuko dute datorren astean.