argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako oposizioen auzian 16 lekukok deklaratuko dute epaile aurrean
  • Irailaren 1etik 7ra 16 lagun epaile aurretik igaroko dira lekuko gisa, 2018ko Osakidetzako oposizioetan izandako ustezko irregulartasunak ikertzeko abiaturiko auziaren barruan.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 01a

LAB sindikatuak akusazio bezala abiaturiko auzian lekukoek hitz egingo dute Gasteizen, Ana Jesús Zulueta epailearen aurrean, asteartetik astelehena bitartean.  2018ko oposizioetako azterketak manipulaturik zeudela frogatzeko hainbat estatistika egin zituen sindikatuak: oso nota altuak atera zituzten azterketaren egileen ingurukoek, normalean oso zailak izan ohi diren 19 kategoriatan. Hori guztia azaltzeko hitz egingo du LABeko kide Jesús Oñatek.

Lekukoen artean LABeko kideez gain, azterketa horren ondorioz ustez onuradun atera ziren pertsonak edo prozesua kritikatu zuten epaimahaietako kideak ere badaude. “Pozik gaude kasu hau aurrera doalako. Kasu honek berdintasun, merezimendu eta enplegu publikora iristeko gaitasun-printzipioak urratzen dituela adierazten duten zantzu ugari ditu eta uneoro Osakidetzako zuzendaritza horren jakitun zen”, azaldu du LABek.

Osakidetzako iruzur salaketek eta sorturiko eskandaluak soka luzea ekarri du.  Esaterako, filtrazioak salatu zituzten anestesistari kontratua eten zioten. 2019an hainbat goi karguk deklaratu zuten eta kasuari lotuta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari ohiak eta Jon Darpon osasun sailburu ohiak dimisioa ema behar izan zuten.