Susmopean dauden espezialitateetako lau azterketak bertan behera geldituko direla jakinarazi du Osakidetzak. Gainerako espezialitateetako probak egiten jarraituko dute.
Oposizioetan iruzurra egon dela plazaratu eta egun gutxira, anestesiako, kardiologia eta angiologiako, kirurgia baskularreko eta kirurgia plastikoko hautaprobak geldiarazi ditu Osakidetzak.
Medikuen Euskal Sindikatuak, beste zortzi espezialitateetan ere irregulartasunak daudela salatu du. Osakidetzako zuzendari nagusiak Maria Jesus Mujikak ez du baztertu beste espezialitateetan ere espedientea irekitzea, baina horretarako azterketen emaitzetan iruzur seinalea ikusi behar dela dio. Horregatik, Osakidetzak 67 espezialitateetako epaimahaiei informazio zehatza eskatu die.
Sindikatuak eta alderdi politikoak
LABek, irregulartasun hauek “normalizatuta zeuden jokamoldeak" zirela dio. Fiskaltzarekin elkartuko da eta “antzemandako irregulartasun oro” helarazi. ELAk ere justiziarengana jo zuen pasa den asteartean.
Bestalde, Maria Jesus Mujika eta Jon Darpon osasun sailburuari dimititzeko eskatu die.
EH Bilduk, adierazi du “iruzur zantzu serioak" daudela eta herritar asko izan daitezkeela kaltea jasan dutenak”. Iritzi berekoa da Elkarrekin Podemos: “Oso susmagarria da dena”.
Laura Garrido PPko ordezkariaren hitzetan, “frustazio handia sortu da hautaprobetan izena eman duten 90.000 lagunengan”. Hala ere, ez dute neurri zorrotzagorik eskatu.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, abiarazitako espedienteak argituko du kontua. “Horrelako kontuetan oso zorrotz jokatu behar da”.