Osakidetzako garbikeetan, jatetxeetan, sukaldeetan eta anbulantzietan lan egiten duten beharginak batuko dira datozen egunetan egingo den grebara. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin dute deialdia.
Hiru greba egun deitu dituzte ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, garbiketa, osasun garraioa eta sukalde zein kafetegi zerbitzuetan lan egiten duten langileendako. Urriaren 29an izango da Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian. Guztira, 4.500 pertsonak parte har dezakete greban, "egiturazko arazoak" salatzeko asmoz.
ELAren Bilboko egoitzan egin duen agerraldian, Noemi Etxeberria bozeramaileak adierazi du, "egiturazko gabezia" jasaten dutela Osakidetzako arlo horietan ari diren langileek eta pandemiak sortutako egoerak narbarmenago utzi duela gabezia hori: "Ez dago langile nahikorik, lanpostu hutsak edo aldi baterako ezintasunak ez dira ordezkatzen, ez dago segurtasun-neurririk, eta kolektibo batzuetan, soldata-baldintza eskasak daude."
Sindikatuek Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari beren erantzukizuna hartzeko dei egin diete, zerbitzuen pribatizazio prozesuan pausoak atzera eman, lanpostuak mantendu eta jende gehiago kontratatzeko, baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz. "Enpresa bitartekariak albo batera uzteko" eskatu diete, lan baldintza duinak bermatzeko eskatzearekin batera.
Egoera honen aurrean, greba deialdietan eta aurreko egunetan lantokietan egingo diren kontzentrazioetan parte hartzera animatu dituzte sindikatuek alor horietako langileak. Elkarretaratze horiek urriaren 28an egingo dira Gipuzkoan eta Bizkaian, azaroaren 4an Araban eta Bizkaian, eta azaroaren 11n Gipuzkoan eta Araban.