argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak kargua utziko du
  • 2017an hartu zuen kargua Juan Carlos Sotok. Duela bi hilabete aurkeztu zuen dimisioa Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak.  

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 04a
Ezkerrean Maria Jesus Mujika eta eskuinean Juan Carlos Soto / Argazkia: El Correo

Iazko ekainetik larriturik dira Osakidetzako arduradun nagusiak, azken oposizio deialdiko azterketan izandako filtrazioak medio. Kargugabetzen bigarrena izango da Soto, ardurapean bi urte baino ez daramatzan arren. Dena den, ez da argi geratu dimisioa aurkeztuko duen ala Eusko Jaurlaritzak kargutik kenduko ote duen. Datozen egunotan izango da horren berri.

Azaroaren 15ean aurkeztu zuen dimisioa Osakidetzako zuzendari nagusiak, Maria Jesus Mujikak. Sotok, bere aldetik, 2017ko abuztuan heldu zion Giza Baliabideetako zuzendari karguari –2006tik 2009ra zuzendariorde izana zen–, Jose Maria Armentiaren ordez. Oposizioetako iruzurrak kalte eginda, baina, karguotan aldaketak izango dira. Biek ala biek jardun dute filtrazioen inguruko krisia kudeatzen, jendaurrean zein Osakidetza barruan. 

Filtrazioen jakitun zen

Eldiarionorte.es atariak jakitera eman duenez, auzia argitara eman aurretik Sotok bazuen filtrazioen eta irregulartasun horien berri, eta ez ikusiarena egitea leporatu dio. Hargatik, oposizioko zenbait kideek bere dimisioa eskatu izan dute behin baino gehiagotan.

Sindikatuek eta filtrazioen ikerketan dihardutenek hemezortzi kategoriatan atzeman dituzte irregulartasun zantzuak, baina Osakidetzaren barne ikerketak zortziri baino ez die erreparatu. Hala, Gasteizko Administrazioarekiko Auzitegiak zortzi azterketa horiek baliogabetu ditu behin-behinean, auzia ikertu arte. Baina luze joko du: gutxienez, uda arte. Arartekoak, bere aldetik, txostena ireki zuen: urtarrilean da ondorioztatzekoa.