argia.eus
INPRIMATU
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak
  • 1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 12a

Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko genero-identitateko unitateak, Osakidetzaren sareko bakarra denak, 1.075 pertsona artatu ditu 2016tik orain arte. Erdiak baino gehiago adingabeak ziren: 576, hain zuzen ere. Eta 361k, hamasei urte bete gabe zituen oraindik. Gainera, denbora-tarte horretan bertan sexua berresteko 326 ebakuntza kirurgiko egin dira. Badira bi urte baino gehiagoko itxaron zerrenda dutenak.

Datuen arabera, zortzi urteotan 1.075 pertsona berri igaro dira Gurutzetako unitate espezializatutik. 592 bizkaitar, 298 gipuzkoar, 164 arabar, eta zehaztu gabeko beste leku batzuetako 21 pertsona gehiago. %53k adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Haietako asko hamasei urte bete aurretik ere bertaratu ziren. 2021 izan zen arreta gehien jaso zuen urtea, 256. 2024an 68 izan dira, datu horien arabera betiere.

2016tik 2024ra arte sexua berresteko 326 ebakuntza kirurgiko egin dira. 61 izan ziren 2021ean, ebakuntza gehien izan zuen urtea. Gutxienekoa 20 izan ziren 2017an. 2024an 22 izatera iritsi dira. Osakidetzak 49 kirurgia-mota eskaintzen ditu. Ohikoenak bularreko erresekzioa, sentitutako sexuaren genitalak sortzea edo mastektomiak dira. Osasunari buruzko informazio ofizialaren arabera, sorkuntzak dira itxaron-zerrenda handiena duten esku-hartzeak. Batez besteko atzerapena 740 egunekoa da emakumeentzat eta 617koa gizonentzat.

Lehen mailako arreta?

EH Bilduko ordezkari Ikoitz Arresek eskatuta, Alberto Martínez Osasun sailburuak osasun publikoak transexualitate egoeran dauden pertsonen artean duen zereginari buruzko datuak bidali ditu Eusko Legebiltzarrera. Otsailean, hauteskundeak baino lehentxeago, ganberak 2012ko araudiaren lege-aldaketa bat onartu zuen, taldearentzako berme berriekin. Horien artean, osasun-arloko eskakizunen katalogo bat zegoen, betiere despatologizazioaren eta desestigmatizazioaren ikuspegitik. Adibidez, "gehienez sei hilabeteko epea" ematen zen lehen mailako arretako sareko zerbitzu espezifikoak "martxan" egon zitezen. Denbora hori uda honetan bukatuko da.

Lege berriak adingabeentzako babes berezia ere aurreikusten du. Administrazioa behartzen du "bere nortasunaren garapen askea eta garapen integrala" zaintzera. Hala, adibidez, "adingabeko transexualek eskubide osoa dute beren egoerari buruzko zerbitzu eta tratamendu medikoak jasotzeko, batez ere hormona-terapia". Eta "sexu-identitateari dagokionez aplikatzen zaien neurri orori dagokionez, entzunak izateko eta erabakiak hartzen parte hartzeko eskubidea dute".