argia.eus
INPRIMATU
Kanpaldia hasi dute Gurutzetako ospitale aurrean Osakidetzako garbitzaileek
  • Garbitzaileen lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea eskatu dute. LABek Osasun Sailaren jarrera gaitzetsi du, eta adierazi du Osakidetzako Zuzendaritzak ez diela bilera eskaerei erantzun.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 23a

Osakidetzak azpikontratatuta daukan garbiketa-zerbitzuko langileek bi hilabete baino gehiago daramate greban. Astelehenean Gurutzetako Ospitalearen (Bizkaia) aurrean kanpaldia hasi dute. Bertan gauak igaroko dituzte, eta eguneko 24 ordutan bertan egongo dira.

Helburua garbitzaileen lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea da; karrera profesionalaren deialdietara sarbidea izatea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa izatea, besteak beste.

LABek Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta EAJren jarrera "iraingarria eta lotsagarria" dela salatu du. Urtebete baino gehiago irekita daraman lan gatazka honetan, Osasun Sailak "beste alde batera" begiratu duela dio, langileekiko "erabateko axolagabekeria eta mespretxua" erakutsiz. Era berean, LABek adierazi du Osakidetzako Zuzendariak ez dietela erantzuna luzatu egin dizkieten bilera eskaera formalei.