Astearte honetan Marta Macho Arrasateko ospitaleko anestesistak eta ESK sindikatuko Patxi Nicolauk epailearen aurrean berretsi dute Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketen inguruan egin zuten salaketa. Beraiez gain, Gasteizko epaitegietan izan dira IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko bi teknikari, oposizioetako azterketak erakunde horrek egin baitzituen.
Osakidetzako hiru zerbitzu-buru daude inputatuta, honako delituengatik: funtzionario publiko izanda sekretuak jakinaraztea eta fideltasun falta dokumentuen zainketan, salaketen arabera hainbat diziplinatako azterketen erantzunak filtratu zituztelako.
Macho izan da asteartean hitz egin duen lehen lekukoa eta ordubetez esplikatu ditu Osakidetzako lan-eskaintza publikoaz aurretik fiskaltzari esandakoak: azterketak filtratu egin zizkietela oposizioetara aurkezten ziren zenbait laguni hautaprobak egin aurretik; eta nola saiatu ziren filtrazio horien arduradunak grabatzen; baita nola joan ziren notaritzara ere, azterketak egin aurretik puntuazio altuenak nork lortuko zituen jakinda.
ESK-ko Patxi Nicolauk, bere testigantza eman ondoren zenbait hedabideri adierazi dionez, “prozesu baten hasiera da” epaiketako lehen saioa, “urrats garrantzitsua”. Gaineratu duenez, ESK saiatzen ari da froga gehiago mahai gainean jartzen, une honetan epaiketan hiru inputatu besterik ez daudelako eta beste hainbeste espezialitatetako azterketak jarri dituzte jo-puntuan. Emaitza irregularrak, ordea, hemeretzi diziplinatan aurkitu ziren, ez hirutan bakarrik.
Asteazken honetan deklaratuko dute filtrazioak salatu zituzten beste bi anestesistak, baita Osakidetzako zuzendari nagusi ohiak, Maria Jesus Mugicak. Ostegunean berriz, ikertutako hiru zerbitzu-buruen txanda izango da: Cesar Augusto Valero, Reyes Vega eta Jose Luis Cabriada.
Hasierako deklarazio hauen ondoren erabakiko du epaileak Osakidetzako beste zenbait kargudun deklaratzera deituko dituen: giza-baliabideen zuzendaritzatik dimisioa eman zuen Juan Carlos Soto, alor horretako zuzendariorde Xabier Balerdi eta osasun-arretako zuzendari Andoni Arcelay dira.