Osakidetzak kanpaina abiarazi du herritarrak osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten erregistratzera animatzeko. Eskariaren arabera, asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko "eskaintza integrala artikulatu" ahal izatea da xedea, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Osakidetzako erabiltzaileen %77k inguru adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19 inguruk soilik adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela; hau da, bostetik batek.
Ekimen honen bidez Osakidetzak osasun arloko komunikazio hizkuntzaren inguruan erabiltzaileek dituzten lehentasunak ezagutu nahi dituela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Eskariaren arabera, asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko "eskaintza integrala artikulatu" ahal izatea da xedea, dela Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan edo Osasun Mentalean.
Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten pertsonen kasuan, asistentzia aplikazioetako paziente erregistroan eta bestelako identifikazio elementuetan ikur urdina agertuko da "e" letrarekin. Horrela, Osakidetzarekin harremanean euskara erabiltzea nahiago dela adieraziko da.
Euskararen erabilera normalizatu
Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana joan den urtean onartu zen, eta 2028ra arte indarrean egongo da. Planak euskararen erabilera sustatzeko neurriak ezartzen dituela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta Osakidetza osatzen duten zerbitzu erakunde guztietan aplikatuko da.
Plan honek jarraipena ematen dio 2003an Osakidetzan hasitako euskararen normalizazio prozesuari. Jaurlaritzaren arabera, helburuak eta ekintzak hiru eremutan egokitzen dira: euskararen inguruko egungo egoera eta datuak, Osakidetzako asistentzia maila desberdinak eta planean bertan zehaztutako lehentasun maila.