Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren eta farmaziako laguntzailearen deialdietan hainbat galdera baliogabetu dira. Horiekin batera, joskintzako ofizialaren eta teknikari informatikoen azterketetan arazoak azaldu dira.
Asteburuan egin diren egonkortze EPEak arazoekin hasi dira, Osakidetzako hamairu oposaketetatik lautan intzidentziak azaldu dira. 109.029 pertsonak eman dute izena 11.000 plazetarako. Iñigo Urkullu lehendakariak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari azalpenak eskatu dizkio, baina oraingoz bertsio ofiziala arazo “puntualak” direla esan du, prozesu handi batean "ohikoak" direnak. EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean hainbat galdera egin ditu lau kategorien inguruan.
Erradiodiagnostiko teknikari espezialisten azterketan "inprimaketa arazoa" dela esan dute, azterketen bertsio desberdinak nahastu dituztela-eta. Hori konpontzeko, hamabost bat galdera baliogabetu zituzten, “arazo puntuala dela eta aurretik ezin zena aurreikusi” adierazi dute. Farmaziako laguntzailearen, joskintzako ofizialaren eta teknikari informatikoen azterketetan, ikasgai-zerrendan ez zeuden gaiak jorratzeagatik hamalau galdera kendu dituzte. "Osakidetzak ez duela parte hartzen azterketan agertzen diren galderen aukeraketan, ezta horien baliogabetzean ere”, azaldu dute.
Intzidentziak “Osasun Sailaren kontroletik kanpo” daudela adierazi du Sagarduik, eta azterketak “tribunalaren ardura direla” dio. EH Bilduko osasun arloko bozeramaile Rebeka Uberak Osakidetzaren “gestio txarra” agerian dela esan du, eta beraz, “azalpenak eskatu behar direla". LAB sindikatuko Jesus Oñatek: “2018ko iruzur orokorraren eta autokritika faltaren ondoren, kaosean geratu gara. Ez dira neurri egokiak hartu”, salatu du.