argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako buruetako batek dimititu egin du, Castro Urdialesko bigarren etxebizitzan harrapatua izan ostean
  • Jon Sanchez Ibarluzea, Osakidetzako osasun-larrialdietarako burua, apirilaren 21ean Castro Urdialesen daukan bigarren etxebizitzara joan zen. Kantabriako herri horretako udaltzaingoak jarritako salaketaren ondorioz jakin da, EAEko kargudun horrek ez duela konfinamendua errespetatu. Alderdi politiko eta sindikatuek gogor salatu dute eta maiatzaren 5 gauean jakinarazi du Jaurlaritzak Sanchez Ibarluzeak dimisioa aurkeztu duela eta onartu egin diotela.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 06a

Maiatzaren 5ean zabaldu da albistea, Osakidetzako osasun-larrialdietako burua den Jon Sanchez Ibarluzeak konfinamendua hautsi duela Kantabriako bigarren etxebizitzara joanda. Berri honek Eusko Jaurlaritzako oposizioko alderdiengan haserrea piztu du, eta PPk dimisioa eskatu du. ELA eta LAB sindikatuek ere adierazi dute dimisioa eskatuko dutela, Sanchezek konfinamendua hautsi zuela frogatzen bada.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 5 gauean hedabideetara bidalitako oharraren bidez adierazi du Sanchez Ibarluzeak dimisioa aurkeztu duela, eta exekutiboak onartu egin diola.

Isuna jasoko duen edo ez argitzeko zain

Castro Urdialesko bi bizilagunek salatu zuten hango udaltzainen aurrean, Sanchez Ibarluzearen etxebizitzan hotsak entzuten zituztela, eta udaltzainek atea jotakoan bertan harrapatu zuten apirilaren 21ean. Udaltzainek maiatzaren 5ean bidali diote Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzari egindako salaketa eta organo horrek erabakiko du Sanchez Ibarluzeak isuna ordaindu beharko duen ala ez.

Albiste honetan irakur dezakegu Castro Urdialesko bigarren etxebizitzan nola harrapatu zuten eta Sanchez Ibarluzeak han egoteko zein argudio erabili zuen.