argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako azpikontratetako garbitzaileek homologazioa lortu dute, ia 100 greba egunen ostean
  • Bost urte baino gehiagoz luzatu da borroka, eta 50 bilera baino gehiago egin dituzte. Enpresa esleipendunen eta Osakidetzaren blokeoa eta Poliziaren jarrera salatu dituzte, besteak beste.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 13a

Osakidetzako azpikontratetako garbitzaileek bertako langileekiko homologazioa lortu dute, ia 100 greba egun egin ondoren. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuak izan dira sinatzaileak, eta ELA desados agertu da. Bost urte baino gehiagoz luzatu da borroka eta guztira 50 bilera baino gehiago egin dituzte.

Homologazioaz gain, akordioak beste hainbat hobekuntza jasotzen dituela azaldu du LABek: “2021etik atzerapenak jasotzen dituzten karrera profesionaleko mailak aitortzea, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatzea, txanda kontratuak eskuratzea, lanpostu hutsak esleitzeko erregulazio objektiboa..."

Grebak, aldarrikapenak eta negoziazioa aurrera eramateko zailtasunak salatu dituzte sindikatuek, eta azaldu dute ez zutela uste “horrenbeste oztopo” izango zituztenik. Besteak beste, Garbialdi buru duten enpresa esleipendunen eta Osakidetzaren blokeoa, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak, poliziaren presentzia itogarria eta dozenaka identifikazio izan dira aipatu dituzte adibideetako batzuk. Dena dela, garbitzaileen borroka "eredugarri" gisa definitu dute LABeko bozeramaileek, eta "borrokak merezi duela" azpimarratu dute.

Horra akordioa sinatu osteko momentua:

 

ELA akordioarekin desados

ELA sindikatuak ez du begi onez ikusi LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek akordioa sinatu izana eta akordiotik kanpo geratu da; izan ere, “inkoherentea” iruditzen zaio hasiera-hasieratik homologazioa defendatu eta orain “baldintza okerragoak” betikotuko dituen hiru urteko murrizketak onartzea. Haren esanetan, karrera profesionalaren hiru urteko ordainketa adostu dute (2021, 2022 eta 2023), eta ordaintzeko dauden beste hiru urteak (2012, 2019 eta 2020) “kanpoan” utzidituzte.