argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako azpikontraten langileek mobilizazioak egingo dituzte, sistema publikoan integrazioa eskatzeko
  • Urriaren 1ean eta 3an kalera aterako dira osasungintza sektoreko beharginak, Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek deituta.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 29a
Osakidetzako azpikontraten mobilizazioa. Argazkia: ELA

Osakidetzan azpikontratatutako enpresetako langileek manifestazioak egingo dituzte urriaren 1ean eta 3an, jasaten dituzten lan-baldintza kaxkarrak salatzeko. Garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileek elkarretaratzeak deitu dituzte Gurutzeta, Donostia eta Txagorritxuko ospitaletan, lehena 11:00etan egingo dira urriaren 1ean.

“Lan-gainkarga, baliabide-falta, behin-behinekotasuna, kontratazioen partzialtasuna eta segurtasun-neurrien falta gure osasun-sistemaren egiturazko arazoak dira. Gaur egun, birusaren bigarren olatu hasiberri baten aurrean gaude, eta egoera horrek are larriagoa egiten du baliabide faltaren arazoa”, nabarmendu dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen sinadura daraman ohar batean.

“Egoera are larriagoa da zerbitzu jakin batzuk interes pribatuen esku jartzen direnean, hala gertatzen da garbiketa, anbulantzia eta Osakidetzako sukalde eta kafetegien kasuan”, kexatu dira. Hori ez ezik, osasun-sistemaren atal bat negoziora bideratuta egoteak berau kudeatzen duten enpresak “euren etekinak optimizatzeaz enplegu eta zerbitzu segurua bermatzeaz baino gehiago” arduratzea dakarrela salatu dute beharginek. Bidenabar, Osakidetzan baliabide falta “ohikoa” dela aitortu dute, eta azpikontraten sektorean, bereziki, arazoa “larriagotu” egiten dela. Hori horrela, pandemiak dirauen bitartean, gabezia horrek “langileen, erabiltzaileen eta gure familien osasuna arriskuan jartzea” eragiten duela salatu dute.