Arabako Auzitegiak atzera bota du LABen errekurtsoa. Hala ere, sindikatuak “aukerak” ikusten ditu epaiketa baterako.
Osakidetzako EPE Enplegu Publikoetako Eskaintzetan 2018an salatutako filtrazioaren auzian, Arabako Auzitegiak adierazi du ez duela Osakidetzako aurreko zuzendaritza auzipetuko. LAB sindikatuak eman du erabakiaren berri agiri batean, berak jarritakoa baitzen auzitegiak ostegunean ukatutako errekurtsoa.
Sindikatuak ohartarazi du modu horretara ez direla auzipetuko Osakidetzako fakultatiboen EPEan “filtrazioen sare osoa asmatu, planifikatu, antolatu eta gauzatzeko ardura duen muin operatiboa”, eta horrek Osakidetzaren lehengo zuzendaritzaren “zigorgabetasuna berresten” duela. Hogei bat pertsona ikertu dituzte, baina bakar batek ere ez du deklaratu inputatu gisa.
Zuzendaritzaren erantzukizuna “dimisioekin garbituko” dela salatu du sindikatuak, eta hori “ez dela nahikoa, iruzurraren larritasuna ikusita".
Bestalde, Arabako Auzitegiaren erabakia jakinik ere, sindikatuak “aukerak” ikusten ditu epaiketa bat egiteko, nahiz eta ikertuen artean “partaidetza-maila baxuenak epaituko diren”. EPEa diseinatu zuten pertsonek bertan egindako jarduerak azaldu behar izatea eta, zigor penalik jaso ez arren, “gizarteak horien berri izatea” asmo dute.
LABek alde ona ikusten dio filtrazioen auziari; hurrengo fakultatiboen EPEetarako agertokia “nabarmen” aldatu dela uste du. Jarduera prozesalari esker, gainera, “harro” agertu dira gertatutakoa ezagutzera emateaz eta “duela hamarkada batzuetatik hona ematen ari zen errealitate horri mozorroa kentzeaz”.
Halaber, jarraibide horretan Osakidetzako zuzendaritzek erakutsitako “lankidetza-eza” gaitzetsi dute, eta, modu berean, epaitegiak auziaren inguruko informazioa "berandu eta osatu gabea" eman izana. Horrela, eta epaitegiari leporatu diotenez, ezin izan dituzte "Osakidetzak zaintzen dituen eta judizializatuta dauden kategoria gehienetako azterketak aztertu".
Finean, lau urte dirauen instrukzioa “egia bilatzeko anbizio eta determinazio faltak inguratu” duela uste dute, eta, halaber, gainerako akusazioen ekimen falta “harrigarria” izan dela nabarmendu dute.
Bestalde, ESK sindikatuak asteazkenean salatu zuen auzi honetan parte hartu duen bigarren langile batek kargua utzi duela «jazarpen eta tratu txar instituzionalengatik». Gotzone Sagardui sailburuak erantzun du Osakidetzak «berdin» eta «errespetuz» tratatzen dituela bere langileak.