Sindikatuek deituta, 2.000 langile inguruk manifestazioa egin dute Bilbon, "kalitatezko Osakidetza" baten alde. "Mobilizazio ziklo bat itxiko dugu gaur, eta orain Osakidetzaren esku dago gehiago egotea edo ez", adierazi du ELAko Pello Igeregik.
Aldarrikapen garrantzitsuena langile kopuruari dagokiona da, Edurne Agirrek (LAB) azpimarratu duenez. "Osakidetzak 1.000 lanpostu sortzeko eskaintza egin du mahai sektorialean, baina horietatik 500 baino ez dira berriak, gainerakoak erretiroak ordezkatzeko dira". Behar bezalako zerbitzua eskaintzeko, gutxienez 3.000 lanpostu sortu beharko liratekeela uste dute sindikatuek.
Izan ere, murrizketen ondoriozko 3.000 lanposturen galerak langile finkoen baldintzak kaskartu ditu (lan ordu gehiago, bajetan ordezkapenik ez zazpigarren egunera arte...), eta hori herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea gutxitzea eragin du, sindikatuen esanetan.
"Gutxiago lan egin eta gehiago kobratu nahi izatea leporatu digu Osakidetzak, baina gezurra da, soldata igoera ez dago gure aldarrikapenen artean", esan du Edurne Agirrek manifestazioa amaitu osteko ekitaldian.
Grebaren bigarren egunean ere Osakidetzak oztopo handiak jarri izana salatu dute. Basurtu eta Galdakaoko ospitaleetan, sindikatuetako ordezkariek Lan Ikuskaritzari deitu diote, zuzendaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bidegabeak izan direla ohartarazteko.
Berriz ere, parte hartze kopuruen "gerrari" uko egin diote sindikatuek, aipatutako baldintzek balorazioa desitxuratzen duelakoan. Osakidetzako zuzendaritzak, aldiz, jarraipen datuak egin ditu publiko eguerdian. Adierazi dutenez, langileen %9,4k egin du greba.
Bizkaian izan da lanuzte gehien: %11,8. Gipuzkoan %7,6koa izan da jarraipena eta Araban, berriz, %6koa. Lan-kategoriei dagokienez, sendagileen %4,7k, erizainen %10,1ek eta gainerako langileen %13,2k egin dute greba.