argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak uda honetan ere murrizketak egingo ditu
  • Udan osasun langileen oporrak ordezkatzeko murrizketak egingo ditu Osakidetzak, aurreko urteetan bezala: Lehen Arretako ordutegia murriztuko du eta telefono bidezko kontsultak lehenetsiko ditu. ELA sindikatuak salatu du "arreta-murrizketak ez direla pandemiaren balizko berragerpenerako prest egoteko modua" eta oroitarazi du 5.000 langile direla behin-behinekoak Osakidetzan eta "plantilla handitu, indartu eta egonkortzeko" beharra dagoela.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 22a

"Osakidetzak Lehen Arretarako deseskalada plana eta udako plangintza aurkeztu ditu. Eta esan dezakegu irtenbidea betikoa dela, arreta-murriztea, ordutegiak murriztea eta Lehen Arreta ez indartzea". Horrela azaldu du ELA sindikatuak ekainaren 18an Osakidetzarekin izandako Mahai Sektorialeko bileran jaso zuten informazioa eta gehitu du Osakidetzaren plantilla ez dela nahikoa: "Hori handitu, indartu eta egonkortzeko beharra dago. Eta hori arreta-maila guztietan, ez bakarrik Lehen Arretan. Gainera, egoera honetan, arreta-murrizketak ez dira pandemiaren balizko berragerpenerako prest egoteko modua".

Sindikatuak adierazi duenez, Osakidetzaren dokumentuak dio "arreta-eredu berri" batera bidea egin behar dela, baina sindikatuak ohartarazi du "Koronabirusa ezin dela bihurtu osasun publikoa desegiten jarraitzeko aitzakia".

Telefonozko kontsulta lehenetiko da

Sindikatuak adierazi duenez, "telefono bidezko edo bideokonferentzia bidezko kontsulta lehenetsiko" du Osakidetzak. Salatu du horrek badituela bere albo-kalteak: "Profesionalen lana zailtzen du, gainkargatzen ditu eta eten digital handiena jasaten duten eremu edo kolektiboak egoera larrian jartzen ditu kalitatezko osasun-arreta jasotzeari begira".

Udan, beste behin, murrizketak

Koronabirusak ez du ekarri udan medikuen oporrak ordezkatzeko beste urtetan baino baliabide gehiago jartzea, eta urteetako politikari jarraituz, murrizketak egingo dituzte: zentroak ixtea dago aurrikusia (Zumarragako Etengabeko Arreta Gunea adibidez) eta Lehen Arretako zentroetako arreta-ordutegia murriztea, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Salatu du murrizketa horiek ekartzen dutela beste arreta-maila batzuk gainkargatzea, "hala nola ospitaleko larrialdiak eta Etengabeko Arreta Guneak.

5.000 langile baino gehiago behin-behineko egoeran

Sindikatuak jakinarazi duenez, Osakidetzan 5.000 behin-behineko langile baino gehiago daude egiturazko-plaza bati atxikita ez daudenak, "eta horiek zerbitzuak eskaintzen dituzte ohikotasunez eta egituraz, haien lana ezinbestekoa baita. Beharrezkoa da, gutxienez, 5.000 lanpostu berri sortzea Osakidetzako plantillan".

Osakidetzari "propaganda" egitea leporatu dio: izan ere, Mahai Sektorialeko bilera horretan Osakidetzak Lehen Arretarako 110 lanposturekin plantilla handitzeko espedientea onartu du, baina sindikatuak adierazi duenez, "aurtengo urtarrilean eman zen plaza horien sorreraren berri, eta beraz, ez gaudela planteamendu berri baten aurrean. Gainera egindako proposamena ez da nahikoa, are gehiago kontuan hartzen badugu gaur egun lanean ari diren profesionalak egonkortzea ahalbidetuko duela praktikan, baina ez duela ekarriko langile gehiago egotea benetako langileen kopuru osoan".