argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak txertoa jarri die Aguraingo mojei, osasun langile askori baino lehenago
  • Lautadako zein Araba osoko langile soziosanitario ugarik ez dute txertorik jaso oraindik, Osakidetzaren hornidura arazoak direla eta. Aguraingo komentuko moja klaratarrek, aldiz, lehen dosia jaso dute eta bigarrenaren zain daude.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2021eko otsailaren 05
Argazkia: Javier Herran

ALEAk jakin duenez, Aguraingo klausurako komentuko moja klaratarrek txertoaren lehen dosia jaso dute dagoeneko, Arabako langile soziosanitario askok jaso ez duten bitartean.

Hornidura faltaren ondorioz Osakidetzak txertaketa kanpaina moteldu behar izan duen arren, urtarrilaren 18an lehen dosia jaso ostean, Aguraingo mojak bigarren dosiaren zain daude orain; datorren astelehenean, otsailaren 8an, jasoko dute.

Bidezkoa ez dirudien arren, gertatutakoa Osakidetzaren ardurapean gertatu da. EAEko Osasun Zerbitzua izan da mojei txertoa jasotzeko hitzordua jarri diena, bertako moja batzuek egoitza bat bisitatu ohi dutelako eta horietako batzuk adinekoak direlako. Hala ere, pertsona erlijiosoen txertaketa ez da inongo protokolorik aipatzen; are gutxiago lehentasunezko talde gisa.

Aguraingo herritar askok, horien artean EH Bilduko zinegotzi Raul Lopez de Uraldek, gertatutakoa salatu dute: "Nork kontrolatzen du txertaketa protokoloa? Agurainen zerbitzu soziosanitarioek ez dute txertorik jaso, eta okerrena: ez dakite nola eta noiz gertatuko den hori. Baina komentuko moja guztiei jarri zaie txertoa. Baina zer kaka da hau?", adierazi du zinegotziak sare sozialetan.