argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak sukaldeko hornikuntzan 200.000 euro inguruko iruzurra egin duela salatu du LABek
  • Gasteizko Santiago ospitalean, 2016tik “gastuen bikoizketa” egon dela jakinarazi du sindikatuak, ikerketa batean oinarrituta.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 21
Irudia: LAB

LAB sindikatuak jakin duenez, sukaldeko hornikuntzan 3.500 eta 5.000 euro arteko gainkostua egon da hilero Arabako Unibertsitate Ospitalearen Santiagoko zentroan. 2016tik errepikatzen den hileroko gastua da sindikatuaren esanetan, eta horrek 200.000 euro inguruko gainkostua suposatuko luke guztira.

Hori dela eta, salaketa jarri du EAEko Fiskaltza Nagusian. Salaketa horrek zehazten du iruzur posible hori sukaldeko tresnerian eta elementu suntsikorren hornikuntzan gertatu dela. Enpresa pribatu bati dagozkion eskariak eta ordainketak diru publikoaren bitartez kudeatu dituztela esan du LABek.

Eman duen prentsaurrekoan, sindikatuak gaineratu du Fiskaltzari eskatu diola “kudeaketa eskas honetan inplikatua dauden pertsona batzuei jarraipena egiteko”. Osakidetzak, horren aurrean, erantzun du esanez ikerketako datuek ez dutela “inongo egiaztapenik”.