argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratuko ditu
  • Pandemiaren eraginez Osakidetzak ospitale-sare osoko premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzea erabaki du, bi astez, gutxienez.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 27a
Victor Bustamante Madariaga, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria. Argazkia: Irekia.eus

Bi astez, gutxienez, Osakidetzak ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez ditu egingo. Pandemiak EAEko erietxeetan eragindako presioari aurre egiteko neurria da. 

Jaurlaritzak adierazi duenez, Osakidetza Kontingentzia Planaren 3.agertokian dago. Ospitale-sareak kritikoen 363 ohe ditu zabalik eta %53 Covidaren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako gaixoek okupatzen dituzte, 192 ohe. Guztira oheen %83 daude okupatuta momentu honetan.

Kontingentzia Planak bost agertoki hauek aurreikusten ditu:

1. egoera: 219 ohe gehienez

2. egoera: 282 ohe gehienez

3. egoera: 427 ohe gehienez

4. egoera: 558 ohe gehienez

5. egoera: 692 ohe gehienez

ZIUko gaixoen bataz besteko adina 61 urtekoa da

Martxoaren hasieran hasitako azken olatuan, ZIUko ospitaleratuen adina jaitsi egin da, orain bataz bestekoa 61 urtekoa da. 80 urtetik gorako pazienteen kopurua murriztu egin da, txertoaren ondorioz.