argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak orain arteko azterketa guztiak gainbegiratuko ditu, baina ez du oposizioen egutegia aldatuko
  • Osakidetzako arduradunek eta sindikatuetako ordezkariekin ostegun goizean egindako Jarraipen Batzordeko bileran azaldu dute ez duela asmorik enplegu publikoaren eskaintzako (EPE) frogal gelditzeko salbu eta lau arlotan.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 07a
(Arg: EiTB)

Jon Darpon buru duen osasun zerbitzuak azaldu duenez, orain arte egin diren 67 kategorietako azterketei eta hemendik aurrerakoei froga "psikometrikoak" egingo dizkie Osakidetza eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundetik kanpoko agente batek. Espedienteak ikerketa psikometriko horren arabera irekiko ditu hemendik aurrera. Horrez gain, mediku espezialisten kategorietako 51 epaimahairi informazioa eskatu die bigarren ariketaren zuzenketa irizpideei dagokienez.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak azaldu duenez, EPEren egutegiarekin jarraituko dute hala ere, eta datorren asteko kategoria masiboetako azterketak egin egingo dituzte.

Osasun sailak, bestalde, berriz ere sindikatuengan jarri du ustezko iruzurren froga "sinesgarriak" argitzeko pisua eta duten informazio guztia sailaren eskuetan jartzeko eskatu die LAB, ELA eta ESKri: "Oraindik ez dugu inolako erantzunik izan". Hain zuzen, asteazken eta ostegunean fiskaltzaren esku utzi dituzte sindikatuek froga eta zantzu horiek.

ELAk duela hiru aste ohartarazi zion Osakidetzari

ELAk ohar bidez azaldu duenez Osakidetza "zinismo izugarriz ari da kudeatzen prozesu guztia". Jakinarazi duenez, duela hiru aste Giza Baliabideen Zuzendaritzarekin izan zen eta mediku espezialisten azterketetan izandako "irregulartasunei buruzko azalpenak" eskatu zizkion. Sindikatuaren ustez osasun sailak "asaldu itxurak" egin ditu orain.

Ostegun goizean Jarraipen Batzordean egindako bileraren inguruan, ELAk salatu du bilera horretan soilik EPEa sinatu duten sindikatuak egon litezkeela. Nolanahi ere, sendagileen kategorietako azterketak eteteko eskatu du sindikatu abertzaleak, "gertatutakoa argitu bitartean".

"Argi dugu ere ustelkeria azaleratzen hasi ondoren hau ez dagoela gelditzerik –amaitu du oharra–. Horregatik, langileei dei bat egiten diegu: langileen intereserako onena ahal bezain pronto norberak dakiena jakinaraztea da; ELAk hori egin nahi duten langile guztiei bere babesa emango die.

Bere aldetik, UGT jakinarazi duenez, oposizio publikoetako egutegia mantentzearen alde azaldu da sindikatu estatalista Jarraipen Batzordean, baina irregulartasun zantzuak egon daitezkeen kategoriatako azterketak gelditzeko eskatu du.