argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak nerabeentzako eguneko bi ospitale psikiatriko ireki ditu Bizkaian
  • Eguneko ospitaleak Bilboko Zabalburu plazan eta Galdakao-Usansoloko ospitaleetan daude. Eusko Jaurlaritzaren arabera, haur eta gazteentzako arreta psikiatrikoa “indartu” egingo da horrela.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 25a
Galdakao-Usansoloko eguneko ospitale psikiatrikoan hamasei lagunentzako tokia dago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, Bizkaian eguneko beste bi ospitale psikiatriko ireki dituzte. Bilbon bata, Zabalburu plazan, 30 pertsonarentzat tokia duena; Galdakao-Usansoloko ospitalean bestea, hamasei lagun artatzeko lekua duena. Ospitale horiek “tratamendu intentsiboko eta denbora mugatuko asistentzia” emango diete “nahasmendu psikiatriko larria” duten gazteei. Jaurlaritzak azaldu du bi helburu dituela: osasuna sustatzea eta buruko nahasmenduak kroniko bihurtzeko prebentzioa. Eguneko zentroa izanik, ziurtatu dute “bizitza normalera egokitzeko aukera” ematen diela gaixoei eta ospitaleratzeak saihesten dituela.

Azaldu dutenez, EAEko haur eta nerabeentzako arreta psikiatrikoa “indartu” egingo da azken asteetan gehitzen ari diren baliabideekin. Gogorarazi dute duela gutxi Saralegin (Bizkaia) beste arretagune bat martxan jarri dutela, hamabost plazakoa. Halaber, Gasteizen haur eta gazteen osasun mentalerako hamar plazako zentro bat dago, eta Donostian arreta goiztiarreko hamalau lagunentzako unitate bat.