Kardiologian, anestesian eta angiologian egingo da berriro azterketa, ez ordea, kirurgia plastikoa eta konpontzaile espezialitatean.
Osakidetzako Zuzendari Nagusia den Maria Jesus Mujikak asteazkeneko prentsaurrekoan adierazi duenez, salaketa ikertzeko osatutako epaimahaiaren erabakia izan da hiru espezialitateetan azterketa berriz egitea. Kirurgia plastikoa eta konpontzailea kategorian egindako azterketaren emaitzekin aurrera jarraituko dute ordea.
Mujikak azaldu duenez, “ez da antzeman filtrazio zantzurik baina ikusi dira zenbait akats”. Informazio espedientea aztertu ondoren ateratako ondorioak, hilaren 19an aztertuko dituzte Eusko Legebiltzarrean Osakidetzak, Osasun Sailak eta IVAPek.
Ekain hasieran, hainbat mediku, alderdi politikok eta sindikatuk osakidetzako hautaprobetan iruzurrak daudela salatu zuten. Ondorioz, azterketa batzuk eten egin zituen Osakidetzak.
Uztailean salaketak areagotuz joan dira asteartean LAB eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez. ESK-k irregulartasun zantzu gehiago aurkitu ditu eta LABek beste zazpi espezialitate ere susmagarriak direla gaineratu du.