argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak ez ditu erregistratuko farmaziako testetan positibo emandakoak
  • Pertsona horiek zuzenean isolatu beharko dira eta ez diote Osakidetzari jakinarazi beharko. Salbuespena izango da pertsona zaurgarrien kasua nahiz sintoma larriak dituztenena, soilik horiek erregistratuko dituzte. Baja behar dutenek formulario bat bete beharko dute online.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 10
Osakidetzak ez die egingo positiboa berresteko probarik farmazian erositako testetan positibo emandakoei. / Argazkia: Goiener.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehen honetan iragarri du aurrerantzean ez dituztela zenbatuko farmazian erositako antigeno testetan positibo emandakoen kasuak. Pertsona horiek ez diote Osakidetzari jakinarazi beharko COVID-19an positibo eman dutenik, eta ez diete hori berresteko PCR probarik egingo.

Sagarduik jakinarazi du astelehen honetatik aurrera soilik erregistratuko dituztela talde zaurgarrietako pertsonen positiboak eta sintoma larriak dituztenenak. Sailburuaren esanetan, omikron aldaera oso azkar zabaltzen ari denez, neurri berrien bidez osasun publikoko tentsioa eta bereziki lehen arretakoa “arindu” nahi dute.

Hauxe da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako protokolo berria: farmazian erositako antigeno testean positibo eman dutenek zuzenean bakartu egin beharko dute eta, baja behar izanez gero, Osakidetzaren webguneko formulario bat bete. Sagarduik azpimarratu du horretarako baliabiderik ez dutenek bakarrik deitu beharko dutela osasun zentrora.