Astearte honetan publiko egin due ohar baten bidez, Osakidetzak aitortu du COVID-19 positiboak zenbatzeko orain arte erabili dituen neurketa-irizpideak aldatu egingo dituela. Antigeno-testen bidez lortutako positiboak ez ziren zenbatzen eta ospitaleratze-datuetan ere, benetako kasuak baino zenbaki baxuagoak eman ditu EAEko osasun zerbitzu publikoak.
Osakidetzak sistematikoki eman ditu ospitale-okupazioaren gutxigorabeherako benetako zifrak baino baxuagoak COVID-19ren bigarren olatu honen une kritikoan. Astearte honetan, jaieguna EAEn, ohar labur baten bidez jakitera eman duenez, "komenigarritzat" jo dute EAEko ospitaleetan koronabirusa duten ospitaleratutako pertsonen "irizpidea" aldatzea; izan ere, orain arte, antigenoen test berrietan positibo eman zutenak baztertzen ziren zenbaketatik, eta PCR positiboa zuten pazienteak baino ez ziren publiko egiten. Horren ondorioz, azaroaren 24an, datuak berrikusi ziren lehen egunean, 554 pertsona ospitaleratuta zeudela jakinarazi zuten (142 ZIUn), baina benetan 674 ziren, maximo berri bat, olatu horren aurreko muga 661 zirela kontuan hartuta. Astelehenean bertan adierazi zuten COVID-19 kasuak 457 zirela, baina benetan 529 ziren. Gehieneko diferentzia 127 pazientekoa da.
Akatsa ez da hor geratzen, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Ignacio Garitano zaintza eta miaketa programaren koordinatzaileak eman zituzteen pandemiak eragindako eguneroko ingresatzeen kalkuluak ere. Azaroaren 24an ez ziren 53 pertsona ospitaleratu, 77 baizik. Eta igande honetan ez ziren 24 izan, 42 baizik. Beraz, batez beste ez dira 30 pertsona ingresatu joan den hilabetean, 50 baino gehiago izan dira. Orain 128 pertsona daude egoera kritikoan. Duela aste batzuetatik hona, antigenoekin diagnostikatutako infektatuak kopuru osoaren ehuneko oso handia dira, %50eko portzentajea gainditu dute batzuetan. Hori bai, urriaren 17an sartu ziren proba horiek, eta ordutik azaroaren 24ra arte ez dago doikuntza posibleen daturik.
Gainera, COVID-19rekin hildakoekin kalkulu-sistema bikoitza dago EAEn. Hilabeteak dira komunikazio publikoetan zenbaketatik kanpo geratzen direla koronabirusa zutenak, heriotzaren zuzeneko kausa birusa izan dela ikusi ez bada. Joan den astean 101 pertsona hil ziren zenbaketa orokorrean, baina COVID-19ren ondorioz 81 baino ez zirela hil zenbatu da. Duela bi aste beste 24 heriotza-kasu baztertu zituzten. Ez da pandemia honetan a posteriori egindako lehenbiziko berrikuspena izan.
Astearte honetan zenbatu da antigenoekin detektatutako kasu gehien. 369 kasu berri jakinarazi dira EAEn, horietatik 229 PCRrik gabe. Proba horien positibotasuna %10,1ekoa da, PCRena %3,2koa eta batez besteko orokorra %5,6koa. Kasu berriak 145 izan dira Gipuzkoan, 140 Bizkaian, 81 Araban eta kanpoko hiru pertsona diagnostikatu dituzte. Intzidentzia-tasa orokorrak behera egiten jarraitzen du: 338,39 kasu 100.000 biztanleko, 14 egunetan. Donostia, adibidez, aste askoren ostean aterako da transmisio handiko gune gorria deiturikotik: tasa 500etik beherakoa da (499,45, zehazki). Bergararekin ere gauza bera gertatuko da.
Araba da, argi eta garbi, pandemiaren beherakada gehien gelditu den lurraldea. Positiboei dagokienez, joan den astearekin alderatuz gero %5 baino ez dira hobetu datuak eta batez besteko orokorra %24koa da. R0 negatiboa duen lurralde bakarra da, 1etik gora. Adierazle honek gaixo bakoitzak sortzen dituen kasu berriak neurtzen ditu. Horrenbestez, Araban kasu bakoitza pertsona bat baino gehiagora biderkatzen da, pandemia berriro hedatzen ari dela adierazten du horrek.