Koronabirusaren osasun krisian, Osakidetzak laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia urratu zuela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Babesteko ekipamendurik ez izateak "berehalako arrisku larria" ekarri zuela gaineratu du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Osakidetzak “ez zuen lan-arriskuen prebentziorako araudia bete” koronabirusaren krisian. ESK sindikatuak salatu duenez, langile bakoitzak bere burua babesteko ekipamendurik ez izateak "berehalako arrisku larria" ekarri zuen euren osasunerako.
Hilabeteotako kudeaketa “negargarria” izan dela deitoratu du sindikatuak, eta “euren erantzukizunak onartzea eta dimisioa aurkeztea” eskatu die Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun sailburu Nekane Murgari. ESK sindikatuak aurkeztutako salaketagatik egin zen ekainaren 16an Osakidetzaren aurkako epaiketa. COVID-19aren pandemiaren kudeaketan laneko arriskuen prebentzioaren inguruko araudia ez betetzea salatu zuen sindikatuak epaiketan.
Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera salatu zuten, besteak beste, Euskal Osasun Zerbitzuko langileen artean “langileak babesteko ekipamendurik ez egotea”, “horiek erabiltzeko protokoloak ez betetzea” edo “plantillaren egoera detektatzeko testak ez egitea”. Sindikatuak aditzera eman duenez, Auzitegi Nagusiak honakoa jaso du epaian: "maskarei eta txabusinei dagokienez, Osakidetzak erabiltzeko, berrerabiltzeko eta garbitzeko jarraibideak eman zituen. Jarraibide horiek ez dute zerikusirik osasun-oharrekin, eta alde batera utzi zituzten gaixoek eta erabiltzaileek infekzioak izateko arriskua zegoela ohartarazten zuten erabilera-gomendioak".
Epaimahaiak berretsi du enpresaburuaren betebeharra dela laneko osasunaren zaintza egokia bermatzea, eta COVID-19a “laneko berehalako arrisku larritzat” kalifikatzea merezi duela. Osakidetzak “ez du bete laneko arriskuen prebentzioaren arloko betebehar hori”, ondorioz, bere zerbitzura dauden langileak babes neurriak inprobisatzera behartu ditu. ESKren ustez, urtetan egindako murrizketen ostean, COVID-19aren krisiak mahai gainean jarri ditu “Osakidetzaren gabeziak eta arduradunen kudeaketa arduragabeak".