“Osakidetzak bizi duen prekarietate egoera muturrera heldu da Gabonetan”, adierazi du ELA sindikatuak. Zuzendaritzek askotan baimenak ukatu dituztela nabarmendu du; eta hala ere ez dagoela pertsonal nahikorik lehen arreta eman ahal izateko.
Lehen arretan eta larrialdietan “kolapso egoerak” izaten ari direla adierazi du sindikatuak, horren kausak seinalatzearekin batera: ordutegiak murriztu direla esplikatu du, eguberrietan pilatzen diren opor egunak ez direla ordezkatu, eta Osakidetzak daukan egiturazko plantilla ez dela nahikoa.
“Horrez gain, gripeak epidemia atalasea gainditu du egun hauetan. Hori guztia dela eta, zerbitzuak lepo egin du bai Lehen Arretan, baita EAGtan eta ospitaletako larrialdietan”.
Egoera ez da berria sindikatuaren ustez, sistematikoki errepikatzen da urtero egun hauetan. Problemaren oinarria, ELAren ustez, honakoa da: ez dagoela mediku nahikorik arreta behar bezala eskaini ahal izateko. “Profesionalen eskasia ez da ustekabeko gertaera, arduradun politikoen aurreikuspen faltagatik da”.
Sindikatuak gogora ekarri du Osakidetzako langileen %40 behin behineko kontratuarekin ari dela lanean eta arduradun politikoak “ez dira arduratzen ezta kalitatezko kontratazio baten bidez prestaturiko profesionalak fidelizatzen, eta axolagabekeria horregatik gure gizartearen diruaz prestaturiko profesionalak atzerrira joaten dira lan bila”.
Osasungintza publikoko murrizketak zerbitzuaren pribatizaziorako pausoak direla uste du ELAk eta egoera berehala konpontzeko eskatu du. “Zer gertatuko ote da datozen urteetan erretiroak ugaritzen direnean? Gabon hauetan gertatzen ari dena datorkigun Lehen Arretaren erakusgarria da”.