Asviamie elkarteko kideek diote administrazio publikoak amiantoaren biktimak “torturatzen” dituela prozesu judizialen bidez.
Donostiako Justizia Jauregian kontzentrazioa egin zuten elkarteko kideek astelehenean, administrazio publikoak etengabe auzibidera jotzen duela salatzeko, “irabazteko aukerarik ez duen arren”. Zehazki, Osakidetzaren jarrera nabarmendu zuten, laster hasiko baita Donostiako Ospitalearen kontrako epaiketa, bertan lan egindako elektrizista baten heriotza dela-eta.
Ospitaleko langile gisa 35 urtez jardun ondoren 2012an hil zen elektrizista hori, minbiziak jota. Justizia Auzitegi Nagusiak Osakidetza egin zuen horren arduradun, baina senideek diote erakunde publikoak ez dituela ordaindu nahi alarguntasun eta umezurtz-pentsioengatik dagokiena.