argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak Asuncion Klinika bere baitan txertatu eta langileak subrogatzea eskatu du LABek
  • LAB sindikatuak agerraldia egin du Tolosan, "Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren inguruan dabiltzan albiste eta mugimendu desberdinen aurrean" bere jarrera azaltzeko: "Klase sindikatu bezala Invizako langileak defendatuko ditugu beti, eta Tolosaldeko herritar guztien eskubideak bermatzeko beharra ikusten dugu; hots, ospitale publiko bat izateko eskubidea".

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 23a

LABen iritziz, "Eusko Jaurlaritzak zor historikoa dauka Tolosaldearekin, EAE-ko eskualde bakarra delako ospitale publiko bat ez duena; aldiz, ospitale pribatu kontzertatu bat inposatu digute. Argi dago esperimentua gaizki atera zaiela, nabarmen gaizki. Era berean, zor historikoa dauka ere Invizako 350 langileekin, zeintzuk urteetan zehar beste eskualdeetako zerbitzua eskaini behar izan duten bitarteko eta baldintza okerragoetan".

Eskualdeko ospitale publikoa eskatu du beste behin LABek: "Urteetan zehar aldarrikapen honen alde borrokan egon gara eta horretan jarraitzen dugu: Asuncion Klinika publifikatzearen alde!”. Gorka Berasategi kidearen esanetan, “Tolosaldeako ESIan diru publikoa mozkin pribatua sortzeko erabilia izan da. Osakidetzak bere zerbitzuak handitu eta indartu beharrean, pribatizazioari eta kontzertazioari ekiten dio behin eta berriz. Hiritarron osasunarekin diruzalekeria sustatzea erabat salagarria dela uste dugu eta horrela adierazi nahi izaten diogu Osakidetzako zuzendaritzari egiten ditugu mobilizazio eta greba guztietan”.

Horregatik, Osakidetzak Asunción Klinika bere baitan txertatzea eta langileak subrogatzea eskatu dute: "Invizari ematen zaion dirutza zerbitzua hobetzeko erabiltzea eskatzen dugu, diru publikoaren xahuketarekin amaitzeko. Era berean, Tolosaldeak beharrezkoak dituen osasun zerbitzuei buruzko hausnarketa kolektibo bat abiatu behar dela aldarrikatzen dugu”.