argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzak Arabako Osasun Mentaleko sarean oheak eta langileak murriztu nahi dituela salatu du ELAk
  • Erakunde publikoak "sarea berrantolatu" nahi du, errehabilitazioko ohe-plazak gutxituz eta azpikronikoetakoak handituz. Sindikatuak salatu du aldaketak "eremu komunitarioa indartu gabe" egin nahi dituela, eta horrek sarea saturatuko lukeela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 14a
ELAk salatu du Arabako Osasun Mentaleko sarean oheak eta langileak murriztu nahi dituela Osakidetzak

Osakidetzak Arabako Osasun Mentaleko sarean ohe eta langile kopurua murriztu nahi duela salatu du ELA sindikatuak. Erakunde publikoak esan du aldaketak egin nahi dituela, "espezializazioa eta eraginkortasuna hobetzeko". Aldaketa horien artean dago, errehabilitazioko ohe-plazak gutxitzea da azpikronikoenak handitzea.

ELAk azaldu duenez, ordea, Osakidetzak "eremu komunitarioa indartu gabe" egin nahi ditu aldaketak, hau da, eguneko zentroetan eta eguneko ospitaleetan baliabideak handitu gabe, besteak beste. Horrek kontsulten kopurua handituko luke, eta sarea saturatu egingo litzateke ospitalez kanpoko errehabilitazio-zentroetan.

Sindikatuak salatu du aldaketa horiek eskatzen dutela, oheak eta profesionalak murrizteaz gain, langileak mugitzea; eta, gainera, aldaketa horietarako "baldintza formalak" ez direla betetzen. Azaldu du Osakidetzak nahi izan duela langileek lehenbailehen beren destino berria aukeratzea, Whatsapp bidez eta lan baldintzak jakin gabe.

"Osakidetzak sarea berrantolatu nahi du, baina aldaketa horrek sarea desegingo luke", salatu du sindikatuak. Nabarmendu du Osakidetza murrizketak egiten ari dela Osasun Mentalean, eta lan baldintzak prekarizatzen. "Horrek guztiak eragin negatiboa du herritarrei eskaintzen zaien arretan".