Osakidetzak harremana duen enpresa pribatuen eta horien jabeek EAJrekin duten lotura ikertu ditu Hordago-El Salton Ahoztar Zelaietak. Argitaratu duenez, milioi asko eta ate birakari asko daude tartean.
Osakidetzak 220 milioi euro bideratu ditu EAJrekin lotura duten pertsonen enpresetara, 2019 eta 2022 bitartean. EH Bilduk urtarrilaren 18an egindako galderaren harira, Gotzone Sagardui osasun kontseilariak Osakidetzak harremana duen enpresa pribatuen inguruko informazioa eman du.
Diru gehien Gipuzkoan
Gipuzkoan egon dira diru-mugimendu handienak. Hasteko, Tolosako Asuncion klinika pribatuari 71 milioi euro eman zizkion, "Tolosaldeako pazienteentzat arreta espezializatua eskaintzeko". Gaur egun Inviza enpresak du kudeatzen ospitalea. Rafael Cerdan Eusko Jaurlaritzako Osasun Kontseilari ohia izan zen zuzendari, baita gaur egun Donostialdeko ESIko gerentea den Agustin Agirre ere.
Quisonsalud enpresak, berriz, 39,3 milioi euro jaso ditu Osakidetzaren eskutik. Gaur egun, Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun Kontseilari ohia da enpresa horretako zerbitzu medikoko burua, eta akzionista nagusia Frenesius enpresa. Azken honek 13,8 milioi jaso ditu Osakidetzatik. Medikuen eroskeria kasu batean inplikatuta dago Frenesius, eta orain Osakidetzako Diagnostiko Biologikoaren Sarearen koordinatzailearen senarra izendatu dute enpresako zuzendari.
Matia Fundazioak, berriz, 42,3 milioi jaso ditu hiru urte hauetan. Mari Karmen Garmendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia da gaur egun bertako presidente.
Araba eta Bizkaian ere badaude Osakidetza eta EAJren inguruko enpresarien arteko loturak. Centro Scanner Vizcaya eta Centro Scanner Vizcayak 5,7 milioi jaso dituzte. Enpresa horietako zuzendaria Nicolas Guerra da, Basurtuko eta Santa Marina ospitale publikoko zuzendari ohia. Guerrak Osakidetza utzi zuen IMQ ospitaleetako zuzendaritza postua hartzeko eta Jon Darponek hartu zuen bere postua.
Igurco, berriz, IMQ taldeko enpresa bat da, eta 2019 eta 2022 artean 2,7 milioi jaso zituen Osakidetzaren eskutik. Garai hartan Iñaki Isasi zen ebakuntzen zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko kargudun ohia.
Gaur egun, Jon Azua eta Jon Darpon kontseilari ohiak, Fatima Ansotegi Osasun kontseilari ohia eta Mayte Vacigalupe Osakidetzako Kalitateko zuzendariorde ohia dira Keralty enpresa pribatuen taldearen zuzendaritzakoak dira. Horrez gain, Guillermo Lopez Osasun Aholkulari ohia gaur egun IMQko zerbitzuburua da.
Osasungintzaz haragoko enpresak
Osasungintzarekin lotutako enpresez gain, bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek ere jaso dute dirua Osakidetzaren eskutik, asko EAJko kide ohien enpresak direlarik. Josu Olazaran Bizkaiko Batzar Nagusietako ahaldun ohia eta Sestaoko zinegotzi ohia da, gaur egun Garbialdi garbikuntza enpresa eta Integarl de Viglancia y Control enpresen jabea. Osakidetzak 27,7 milioi euro eman dizkie enpresa hauei.
Bilbomatica informatika enpresak berriz, 8,1 milioi eskuratu ditu. Victor Malpartida da Bilbomaticako zuzendaria. Garraiogintzari dagokionez, Ambulancias Maiz, Fernando Izagirre Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zuzendari ohiari lotua egon zen enpresak, 3,3 milioi jaso zituen.