argia.eus
INPRIMATU
Osakidetza kondenatu dute, udan osasun zentroak ixteagatik
  • Iazko udan osasun zentroak ixteko erabakia aurretik negoziatu eta informatu ez zuelako, Osakidetzak “negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubidea urratu” zuela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 26a
Argazkia: Irekia

Satse EAEko erizainen sindikatuak jarritako salaketari arrazoia eman dio epaileak: langileek negoziaziorako duten eskubidea urratu duela dio epaiak, eta Satsek gogoratu du hirugarren aldia dela arrazoi horregatik Osakidetza kondenatzen dutena. “Horrek garbi uzten du Osakidetzak ez duela jarrera demokratikorik”.

Pandemiaren lehen olatuan, langileen baldintzak aldatu zituen Osakidetzak, eta orduan ere salaketa jarri zuen sindikatuak. Epaitegietan ondorioztatu zuten alarma egoera ez dela arrazoia, negoziazio kolektiborako eskubidea bertan behera uzteko.

Orain, berriz ere kondenatu dute Osakidetza, “Mahai Sektorialean adostutako akordioak ez errespetatzeagatik”. Gainera, langileen arteko tratu berdintasuna urratu dela ere badio epaileak, jardunari lotutako baldintzetan erizainek medikuek dituzten baldintzekiko tratu diskriminatzailea jasotzen dutela iritzita.