Aste honetan jakinarazi du Osakidetzak langileek erretiro adina 68 urte arte luzatzeko aukera izango dutela, profesionalek hala nahi izanez gero.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Sendagileen Sindikatuak adostu dute hitzarmena eta helburua, datozen urteotako erretiro kopuru handiengatik sortuko diren hutsuneak betetzea da haien ustez. Epe laburrean lan deialdi berri bat iragarriko dutela ere adierazi du Osasun Sailak. Berrikuntza batekin: hautagaiek azterketa errepikatu ahal izango dute nota hobetu ahal izateko.
Gogor kritikatu dituzte Osakidetzaren azken neurriak LAB eta ELA sindikatuek. Biak bat datoz hartutako erabakia gutxiengo sindikalaren babesarekin hartu dela eta Osakidetzak ez duela nahi izan Mahai Sektorialean negoziazio egutegia martxan jarri.
68 urterekin erretiroa hartzeko aukera “pertsonal falta konpontzeko” bidea ez dela diote biek ala biek. “Neurri ez eraginkorra izateaz gain, denbora zein eskubide sozialetan atzerapauso izugarria dela iruditzen zaigu”, dio LABek webgunean argitaratutako ohar batean. Gazteen %16 langabezian dagoela nabarmendu du eta erretiroa atzeratzea “lotsagarria” dela adierazi du enplegu prekarioen eta kanpora emigratu behar duten herritarren kopurua ikusita.
ELAk esan du ustezko negoziazio horiek “faltsuak” izan direla eta SATSEK, SMEK eta UGTk baino ez dutela babestu hitzarmena. Gainera, aurreikusten den lan eskaintza deialdi berriak egungo arazoak ez dituela konponduko azpimarratu dute: “Gogorarazi behar dugu EPE honek ez duela Osakidetzan daukagun behin-behinekotasunaren arazo larria konpontzen. EPE honen ostean, behin-behinekotasun tasa %37,8koa izango da”.
LABek iragarri du kanpaina bat jarriko dutela abian datozen asteetan Osakidetzak hartutako neurriak salatzeko. Sindikatuak nabarmendu du azken hilabeteetan “behin eta berriro” aldarrikatu dutela negoziatzeko egutegia martxan jartzea baina ez dutela erantzunik jaso. Egutegiak “behar-beharrezko” lehentasunak jaso behar dituela adierazi du: “Osakidetzari exijitu diogu Lan Baldintzen Akordio berri baten negoziazioa (oraingoan 2009tik prorrogatua izan da) eta Funtzioen Dekretu baterako prozesua ere, kolektibo bakoitzaren funtzio zehatzak zeintzuk diren argi uzteko beti ere, lantaldeko eskemaren barruan”.