argia.eus
INPRIMATU
“Osakidetza desegiten ari direla” salatuz mobilizazioa deitu dute sindikatuek 26rako
  • SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek manifestazioa deitu dute ekainaren 26 goizerako, Bilbon, "Jaurlaritza Osakidetza desegiten ari dela" salatzeko. Lehen Mailako Arreta "kinka larrian" dagoela azpimarratu dute sindikatuek, eta gogorarazi dute Osasun sailburu Gotzone Sagarduik planteatutako murrizketa asko aspaldikoak direla.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 21a

Osasun arloko sindikatuek elkarrekin deitu duten manifestazioa ekainaren 26an, igandea, 11:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Lehen Mailako Arreta "kinka larrian" dagoela azpimarratu dute sindikatuek, eta gogorarazi dute Osasun sailburu Gotzone Sagarduik planteatutako murrizketa asko aspaldikoak direla: udako itxierak, ordutegien murrizketa, edo zerbitzuen murrizketa eta zentralizazioa.

Ekainaren 22an mobilizazioak Lehen Mailako Arretako ordutegi murrizketak salatzeko

Ekainaren 22an ere hainbat mobilizazio egingo dituzte, Lehen Mailako Arretako zentroetan ezarriko diren ordutegi murrizketak salatzeko: elkarretaratzeak eta itxialdiak egingo dituzte 17:00etan, Salburuako Osasun Zentroan (Gasteiz); Amara Prim Osasun Zentroan (Donostia); eta Deustuko Osasun Zentroan (Bilbo).

Osasun sailburuaren eta Lehendakariaren hitzei erantzunez

Ekainaren 8an, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi zuen artatuak izateko herritarrek gehiago eta maizago mugitu beharko dutela. Sindikatuen iritziz, "adierazpen horiek agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren estrategia: Lehen Mailako Arreta desegitea eta gainerako asistentzia mailak prekarizatzea, pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasu aseguru pribatuen negozioaren bidez. Sailburuak argi eta garbi azaldu zuen kontsultategiak itxiko direla; batzuetan erizaintzako langileak bakarrik arituko direla; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo, bestela esanda, gaur egun dauden zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko; eta herritarrak gehiago eta maizago lekualdatu beharko direla. Sailburuak dio kultura aldaketa dela, baina funtsean osasun sistema publikoa desegitea da, herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzua prekarizatzea eta langileen lan baldintzak okertzea. Eusko Jaurlaritzak dio murrizketak beharrezkoak direla profesional falta dagoelako, baina hori bere erabaki politikoen emaitza da".

Ekainaren 17an, Lehendakariak Legebiltzarrean adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arreta indartuko duela eta plantillak handitu, berritu eta sendotuko dituela, baina sindikatuek zera erantzun dute: “Urkullu gezurretan ari da. Beste behin, Osakidetzak udan osasu zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu profesional askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago zamatuko ditu aldi horretan zerbitzuak ematen dituzten langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta”.

Gainera, azpimarratu dute "aurten egoera are larriagoa dela, Osakidetzak ordutegiak murriztea planteatu duelako, baita langileak ados jarri diren osasun zentroetan ere, zerbitzua ordutegi osoan betetzeko, murrizketarik egin gabe".

Sindikatuek diote "Osakidetzak ez duela inolako borondaterik behin-behinekotasun tasa altuak behingoz ezabatzeko. Osakidetzan 24.600 langile baino gehiago daude aldi baterako kontratuarekin; hala ere, Eusko Jaurlaritzak 3.700 plazako LEPa baino ez du planteatzen, eta horrek esan nahi du behin behinekotasun-tasa %50ean mantenduko dela".