argia.eus
INPRIMATU
‘Osagaiz’, osasun-zientzien inguruko euskarazko aldizkari berria
  • Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) arteko elkarlanetik sortu da Osagaiz, osasun-zientzien inguruko euskarazko aldizkari digital berria.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 04a
Osagaiz aldizkariak euskal komunitate zientifikoaren aurkikuntzak bilduko ditu.

Sortzaileek plazaratu duten oharrean diote osasun gaien bueltan euskarazko aldizkari baten beharra aspaldi zutela sumatuta, eta OEEk eta UEUk elkarlanean emandako pauso honekin bete nahi dutela hutsunea. Jatorrizko artikuluek, beste aldizkarietan irakurritako albiste interesgarriei egindako kritikek edo berrikuspenek osatuko dute Osagaiz, eta arlo horretako profesionalei dei egin diete proiektu honetan parte hartu eta beren artikulu eta lanak aldizkarira bidaltzeko. Osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratu eta ikerketa taldeen lanak ezagutzera ematea dute helburu. Osasunarekin erlazionaturiko ikerkuntza mota guztiak hartuko dituzte barne, izan ere, aldizkariak osasun arloko euskal komunitate zientifikoak eginiko aurkikuntzen transferentzia-tresna izatea du xede.

On-line ikus daiteke aldizkaria helbide honetan: osagaiz.eus, eta lehen alea dagoeneko zintzilikatuta dago.