argia.eus
INPRIMATU
Ekoizpen Duina Kontsumo Herrikoia
Osagaien atzean dagoenari erreparatzen dion sukaldaritza saioa hasi da
  • Modan daude azken urteotan sukaldaritzako saioak, telebistako edozein katetan topa ditzakegu horietako asko. Baina, errezetak aurkezteko orduan, kontuan hartzen al dute saiook erabiltzen dituzten lehengaiak non, nola eta zein baldintzatan ekoizten diren? Argi dago ezetz… Bada, Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak, elikagaien jatorria eta horiek ekoizten dituzten nekazarien lan eta bizi baldintzak ere kontuan hartzen dituen saioa abiatu du aste honetan: “Ekoizpen Duina Kontsumo Herrikoia” du izena, Azpeitiko Elikaguneko Xabi Izagirre da aurkezlea eta Hiru Damatxok ekoitzi du. Hauxe da lehenengo saioa.

Garazi Zabaleta 2023ko martxoaren 09a

Baratze ekologikoen bideragarritasuna eta barazkien kostu prezioa aztertzeko Biolurrek egindako “Duina” ikerketa du oinarri saioak. Irailean aurkeztu zituzten ikerketaren ondorioak. “Lan hori jendarteratzeko eta publiko desberdinetara zabaltzeko hainbat bide ari gara lantzen, eta helburu horrekin jarri dugu martxan sukaldaritza saioa ere”, adierazi du Maider Zubikarai elkarteko kide eta ikerketaren egileetako bat denak. “Duina”n 12 nekazari ekologikoren eta 12 laboreren datuak jaso zituzten, eta hain zuzen, labore horietako laurekin osatu dituzte saioetako errezetak. Ereindajaneko Sabrina Pato izan da horien sortzailea.

Saio bakoitzean pertsonaia publiko bat izanen da gonbidatu berezia: Julen Portillo umoregilea, Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria, Gaizka Izagirre zinema kritikaria eta Uxue Amonarriz musikaria. Bestetik, errezetan erabiltzen diren produktuen ekoizleak ere elkarrizketatuko dituzte. “Azkenean, ideia da labore horiekin errezeta txukun, berezi eta errazak egin daitezkeela ikusaraztea, lehengai onak erabiliz eta prezio onean”, gehitu du.  “Prezio onaz” ari direnean, noski, ekoizleentzako ere duinak izateaz ari dira. Kalabaza pizza, brokoli kuskus entsalada, zerba opilak ezti eta mostaza saltsarekin eta azenario bizkotxoa izanen dira lau saioetako errezetak. Martxoan, ostegunetan 10:00etan Biolurreko Youtube kanalera igoko dituzte, eta tokiko zenbait telebistetan eta ARGIAko webgunean ere egonen dira ikusgai.

Material didaktikoa eskuragarri

Baina sukaldaritza saioa ez da “Duina” ikerketa jendarteratzeko sortu duten eduki bakarra. Izan ere, ikerketaren eskualdez eskualdeko aurkezpenak egietaz gain, eskola komunitateentzat eta familientzat material didaktiko-pedagogikoa ere sortu dute Biolurretik (hemen eskuratu daiteke). 12 laboreak sasoika antolatu, bakoitzarekin errezeta bana proposatu, eta haur eta gaztetxoei ariketak planteatzen zaizkie: ”Lehengaiak eta kantitateak prezioarekin lotu behar dituzte. Demagun Gernikako kalabaza dela aukeratutako laborea, kalabaza hori oinarri duen pizza bat egiteko. Behar diren 600 gramo kalabazak 1,80 euro balio badu ekoizlearentzat duina izan dadin, kalkulua eginen da errezeta horrek lau pertsonentzat zenbat balio duen”. 

Ekoizpena duina eta, aldi berean, prezioa herrikoia izan daitezkeela irakastea da asmoa, eta haurren artean ere sentsibilizazioa bultzatzea. Momentuz euskarri fisikoan dute materiala, baina aurrerago digitalean ateratzeko asmoa dute.