Urriak 1: Kataluniako erreferendumaren urteurrenean, Espainiako telebistak zehaztu digu zenbat enpresak egin duten alde prozesua martxan jarri zenetik (ez digu erran, ordea, denboraldi berean baten bat finkatu ote den). Kontuak, bistan da, gutienez bi irakurketa ditu: zeinen kaltegarria izan den eta den independentismoa ekonomiarako, edo zeinen lotsagabe saiatu den botere ekonomikoa jendearen erabaki politikoak baldintzatzen.
Albiste berean, erreferenduma bakarrik senti ez zedin, ilegal izenondoa paratu diote ondoan solasa ahoskatu duten aldioro. Adjektiboak balio dezake independentismoa zeinen arduragabe jokatu duen erakusteko, edo Espainiako Gobernuak erreferenduma legez kanpo uzteko egin dituen eginahal guziak salatzeko. Enpresekin bezala, puntu honetan ere lehen interpretazio aldera lerratzen zen albistea, bigarrena pentsaezin bihurtzeraino.
Haserre nago –tira, mintzatzeko manera bat da– albistean manipulazioa ikusten dudalako, edo nirea ez den ikuspuntu –zilegi– bat eman dutelako? Hobe langileei berei galdegitea: zenbait hilabetez, Espainiako telebistako langileak beltzez jantzita agertzen ziren ortziralero, hedabide publikoak sufritzen zuen manipulazioa salatzeko. Protesta hori akitu zen; alta bada, nire begi trebatu gabeetan ez da diferentzia handirik PPren tirania jasanezinaren hankapean ematen zen informazioaren eta oraingo askatasunari esker ematen denaren artean. Ez bederen Katalunian.
Noraino dira manipulatzen duen hedabide bateko langileak manipulazio horren erantzule? Noraino adierazi behar diegu elkartasuna, protesta egiten dutelarik? Ez dakit. Baina zalantzak argitu bitartean, barka biezadate Espainiako telebistako kazetariek ortziraleroko duintasun profesional minduaren erakustaldi hartan itxurakeria pittin bat ikusten badut.