Euskaltzaindiak beste hainbeste egingo du LGBT elkartearekin. Hiru urterako hitzarmena sinatu dute.
Ortzadar LGBT elkarteak familia aniztasunaren eta genero-berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu. Hitzarmenari esker, elkarteak herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu askatasuna eta giza eskubideak “Euskaltzaindiaren Hiztegian” eta bestelako hizkuntza baliabideetan hobeto azaltzen lagunduko du. Axier Garate Ortzadar elkarteko bozeramaileak hala adierazi du: “Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko”.
Aholkularitzak besterako norabidea ere izango du. Euskaltzaindiak hizkuntza aholkuak eskainiko dizkio elkarteari gradu amaierako lanetan eta master ikasketetan bultzatzen dituen deialdietan eta Ortzadarrek argitaratzen duen “Anitza” aldizkari zientifikorako hizkuntza aholkuak eskainiko ditu. Bestalde, Euskaltzaindiak bere hiztegiak elikatzeko Ortzadarrek sortutako testu-masak eskuratuko ditu.
Andres Urrutiak ondoko adierazpenak egin ditu hitzarmenaren harira: “Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau. Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du”.