"Espainiako Gobernuaren immobilismoaren aurrean, EAJk euskal soluzioa proposatzen du. Euskaldun bezala, ez dut ulertzen ETAk nahiago izatea armak Guardia Zibilari edo Espainiako Armadari entregatzea, euskal instituzioei eman ordez", esan du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak.
Forum Europak antolatutako hitzaldian, Ortuzarrek gaineratu du jada helarazi diela proposamena bakearen alde lanean diharduten nazioarteko eragileei, baita ezker abertzaleari ere: "Nazioarteko eragileei ez zaie burugabea iruditu".
"ETAk, egin beharrekoa, Euskadiko herritarren aurrean egin behar du", gaineratu du.
Espainiako Gobernuaren eta PPren "immobilismoari" dagokionez, jarrera horrek 2011ko urrian irekitako prozesua blokeatu dezakeela esan du Ortuzarrek: "Madril mugitzen ez bada, prozesua zapuztu egin daiteke, eta pertsona ugari dago inplikatuta, biktimak, presoak, ihes egin dutenak..."
Dena dela, espetxe politika ETAren desarmearekin ez nahasteko eskatu du. Bere hitzetan, aurrenekoa "justizia" kontua da, eta bigarrena "premiazko behar bat".