Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak esan du prest daudela Espainiako Konstituzioan aldaketak egiteko, beti ere, Euskadiren nazio izaera aintzat hartuta.
“EAJk ez du onartuko Euskadiren nazio izaera aitortzen ez duen aldaketarik. Aldatzeko, has gaitezen gauzei duten izena ematen: nazioei nazio, eta Euskadi nazio bat da”. Horrela esan du Ortuzarrek Sukarrietan (Bizkaia), Sabino Aranaren heriotzaren 111. urteurrenean.
EBBko buruak azaldu du EAJk ez duela Konstituzioa aldatzeko beldurrik: “EAJk ez dio beldurrik ez Estatuaren modelo aldaketari, ezta gestio aldaketari ere. Denbora asko daramagu bigarren trantsizio garai hau eskatzen” .
Ortuzarrek Espainiako Estatuko alderdi politiko nagusiei zuzenduta egin ditu adierazpen hauek, eta mezu argia bidali die: “Euskadi nazio bat da, eta aitortzen ez badute ez gaitzatela kontuan hartu”.