argia.eus
INPRIMATU
8 urteko ume bati biluzik argazkiak egiteagatik ikertzen ari dira gizon bat Ortuellan
  • Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 03a
Futbol zelaian gertakarien harira ipinitako pankarta. Onda Vasca

Taldeak eta familiak jarritako salaketaren ondoren abiatu du ikerketa Ertzaintzak. Onda Vascak ezagutarazi duenez, gertakizunak otsailaren 20an izan ziren. Haurra entrenatzera joateko aldatzen ari zela ustez gizonak argazkiak atera zizkion. Umea estaltzen saiatu zen eta beldurtuta amaren bila atera zen, gertatutakoa kontatzeko. Taldeak gizona kanporatu du eta instalazioetarako sarrera ukatu dio.

Gertakarien aurrean "gaitzespenik sendoena" adierazi du Ortuellako udalbatzak; eta "pertsonen eskubideen edozein urraketaren aurrean tolerantziarik gabeko jarrera mantentzen dutela eta beti mantenduko dutela", gehitu dute.

Taldeak familiei bidalitako komunikatuan "atzo izan zuen klubak gure eskola-umeko jokalari batek jasan zuen egoeraren berri. Gertatutakoa jakin bezain laster, klubak protokoloa aktibatu zuen eta pertsona instalazioetatik baztertu zuten" jasotzen da Onda Vascak publiko egin duenez. Taldeak adierazi du, halaber, "protokoloari jarraipena emateko Ertzaintzaren informazioaren esperoan" daudela eta "dagokion momentuan familiei informazio gehigarria helaraziko diela".