Errigora herri ekimenaren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina hurbil da. Nafarroa hegoaldeko produktuen saskia eskatzeko epea urriaren 21etik azaroaren 8a arte izango da zabalik.
Auzolanaren bidez bertako produktuak eskaintzeaz gain, euskara diruz laguntzea du xede egitasmoak. Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin, Zazpiak Batekin eta Sortzenekin elkarlanean abiatutako kanpaina da. 50 euroren truke Euskal Herriko hainbat txokotan jaso ahalko da Nafarroako produktuez osatutako saskia, eta urtero legez, jasotako diruaren %25 euskara ofiziala ez den eremuko euskalgintzako proiektuetara bideratuko du Errigorak.
Azken hiru urteen balantzea
Aurtengo kanpaina ezagutara ematearekin batera, orain arteko ibilbidea bildu dute bideo batean. Zenbakiei erreparatuz, hiru urtetan 370.000 kontserba ontzi eta 88.000 litro olio banatu dituzte, eta guztira 15.000 etxetara heldu dira. Horri esker, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 300.000 euro bideratzea lortu dute.